Mundua -
AEBko hauteskundeak
Zer dira 'caucus'-ak eta nola funtzionatzen dute?
Bozketa sistema konplexua da, eta AEBko presidentegaientzat lehendabiziko saio erabakigarria da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astelehenean emango diote hasiera 2016ko azaroan AEBko presidentea aukeratzeko egingo diren hauteskundeen aurreko prozesuari, alderdi barruko hauteskunde primarioekin. Hautagai errepublikarrak eta demokratak ahalik eta ordezkari edo delegatu gehien lortzen ahaleginduko dira.
Otsailaren 1etik eta ekaina erdialdera bitartean, hauteskunde primarioak egingo dituzte 35 jurisdikziotan (estatuak eta lurraldeak), 13tan 'caucus' deiturikoak egingo dituzte eta, beste zortzi gunetan, berriz, prozedura mistoak erabiliko dituzte.
Bozketa horietan guztietan ahalik eta ordezkari gehien lortzen ahaleginduko dira AEBko presidente izateko hautagai errepublikarrak eta demokratak; izan ere, aipaturiko ordezkari horiek parte hartuko dute errepublikarrek Clevelanden (Ohio) eta demokratek Filadelfian (Pennsylvania) ekainean egingo dituzten konbentzioetan.
Alderdi Demokrataren Batzorde Nazionalak (DNC) emandako datuen arabera, 4.764 delegatuk parte hartuko dute alderdiaren aurtengo konbentzioan. Hori dela eta, Hillary Clinton, Bernie Sanders eta Martin O'Malley hautagai demokratek 2.383 delegatu (erdia gehi bat) lortu beharko dituzte, gutxienez, alderdi barruko hauteskundeak irabazteko.
Bestalde, errepublikarren artean 12 hautagai daude eta, gutxienez, 1.237 delegatu eskuratzen dituenak (erdia gehi bat) irabaziko ditu hauteskunde primarioak. Guztira, 2.472 ordezkarik izango dute boto eskubidea alderdiak ekainean egingo duen batzarrean. Hautagai errepublikarren artean Donald Trump da faborito nagusia.
Zer dira caucus-ak?
Ameriketako Estatu Batuetako bozketa sistema konplexu bat da, 1970eko hamarkadaz geroztik erabiltzen dena eta AEBko presidentegaientzat lehendabiziko saio erabakigarria izan ohi dena.
'Caucus'-ak AEBko hamahiru estatutan eta hainbat lurraldetan antolatzen diren herri batzarrak dira, eta hitzaren jatorria zein den oso argi ez badago ere, zenbaitek "caucauasu" hitzetik eratorria dela uste du, zeinak, Virginiako algonkin izeneko natiboen hizkuntzan "aholkularia, eskarmentu handikoa edo kontseilaria" esan nahi duen.
"Jendea zure etxera afaltzera gonbidatu eta AEBko presidente zein izatea gustatuko litzaizukeen galdetzearen parekoa da. Zerbait informala da, lagunartekoa. Hori da 'caucus'-a", azaldu dio Dennis J. Goldford Drake Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak EFE albiste agentziari.
Hauteskunde primarioetan ez bezala, Iowako biztanleek -bihar caucus-ak egingo diren AEBko estatua- arratsaldeko ordu jakin batean bakarrik eman dezakete botoa eta, horretarako, alderdi errepublikarreko edota demokratako boto-emaile bezala erregistratuta egon eta alderdiko bileran parte hartu behar dute.
Ezin da posta bidezko botoa eman eta bozketa egingo den bilera horretan parte hartu ezin dutenek (adibidez, lana egin behar dutenek edota mugikortasun urriko pertsonek) ez dute botoa emateko bestelako aukerarik. Hala, batez beste, Iowan erregistratuta dauden bost boto emaileetatik batek emango du botoa.
Errepublikarren kasuan, arauak sinpleak dira. Boto emaileek Iowa estatuan banatuta dauden 1.681 barrutietako batera joan eta boto sekretua eman behar dute; zehazki, hautagaiaren izena paper batean idatzi eta kutxa batean sartu behar dute.
Alderdi demokratako prozesua konplexuagoa da, lehentasunezko taldeetan oinarrituta. Hala, boto emaileek "zutik jarri eta hautagai bati babesa eman behar diote", laburbildu du Goldfordek. Hautagai batek ez badu 'caucus'-ean parte hartzen ari direnen artean gutxieneko onarpen maila lortzen (bertaratzen direnen % 15aren babesa), haren aldekoek hautagaiaren aldeko defentsa egin beharko dute beste batzuek haren alde bozka dezaten. Hala ez bada, amore eman eta beste hautagai baten taldera mugituko dira. Aipaturiko prozesuak ordu asko iraun dezake.
AEBko hauteskundeetako data nagusiak
Otsailak 1: 'Caucus'ak Iowa estatuan. Hauteskunde egutegiko lehendabiziko hitzordua da eta, jokoan delegatu gutxi badaude ere, garrantzia handia ematen diote adituek; batez ere, hautagaiak goraipatzeko edota hondoratzeko gaitasuna aitortzen diotelako. Guztira, Iowan 44 ordezkari demokrata (% 1,09) eta 30 ordezkari errepublikar (% 1,28) aukeratuko dituzte Iowan.
Martxoak 1: 'Superasteartea'. Egun horretan bozketak egingo dituzte dozenaka estatutan, tartean, Alabaman, Arkansasen, Coloradon, Georgian, Massachusettsen, Texasen eta Virginian. Guztira, 800 delegatu demokrata eta 620 errepublikar egongo dira jokoan.
Martxoak 15: Martxoko hirugarren asteartean giltzarri izan ohi diren Florida, Ipar Carolina eta Ohio estatuen txanda izango da. Adituen esanetan, litekeena da ordurako alderdi bakoitzak bere hautagaia hautatu izana.