Mundua -
Geneva (Suitza)
Siriako bake konferentzia oposizioko talde nagusia gabe hasiko da
Negoziaziorako Batzorde Gorenak, Genevako elkarrizketetara gonbidatutako oposizioaren talde nagusiak, konferentziaren hasieran ez izatea erabaki du azken orduan.
EFE
Siriako bake konferentzia gaur hasiko da, baina ezustekoek ez dute etenik azken orduetan; izan ere, oposizioaren zati bat bakarrik izango da elkarrizketen hasieran. Gainera, negoziazioen hasiera bost egunez atzeratu dutela gogoratu beharra dago.
Negoziaziorako Batzorde Gorenak (CSN), Genevako elkarrizketetara gonbidatutako oposizioaren talde nagusiak, konferentziaren hasieran ez izatea erabaki du azken orduan, Batzordeko iturriek azaldu dutenez.
Bere eskakizunak betetzeko, NBEaren bermerik jaso ez dutela uste du Batzordeak, besteak beste, Gobernuaren indarrek setiatuta dituen herrietara laguntza humanitarioa heltzea eta Errusiaren eta erregimenaren bonbardaketak bukatzea.
Hala ere, CSNk prozesu diplomatikoan parte hartzeko “ezezko” irmorik ez du eman, eta buruzagiak gaur bilduko dira berriro, eztabaidatzen jarraitzeko. CSNk AEBen eta Saudi Arabiaren babesa du.
Gainerako oposizioak parte hartuko du
Suitzara gonbidatu dituzten beste taldeek parte hartuko dute. Bachar al Asad presidentearen erregimenak talde horiek toleratzen ditu, eta Errusiarekin loturak dituzte. Mosku Damaskoko Gobernuaren aliatu nagusia da, Iranekin batera.
Are gehiago, Moskuk eskatuta, Qadri Yamil Aldaketa eta Askatasun Fronteko buruzagiak negoziazioetan parte hartzeko gonbita jaso zuen.
Haizam Manaa oposizioko buruzagi historikoak (Siriako Kontseilu Demokratikoa) ere gonbita jaso du, baina inork ez dio botererik aitortzen, nahiz eta Batasun Demokratikoa Alderdiko ordezkarien (Siriako kurduak) parte-hartzea defendatu.
Kurduak Siriako biztanleriaren % 9 dira, eta iparraldeko eskualdean eremu zabal bat kontrolatzen dute. Gainera, Estatu Islamikoa gelditzeko orduan berebiziko garrantzia dute kurduek.
Honenbestez, Al Asadi aurre egin dioten indar politiko eta armatuak ordezkatzen dituen koalizioa barik hasiko dira Siriako gerra zibilari amaiera emateko negoziazioak.
NBEren hitzetan, Siriak, eskualdeko herrialdeek eta nazioarteak ezin dute porrot berri bat erdietsi, aurreko saiakeretan, 2012ko ekainean eta 2014ko urtarrilean, gertatu bezala.