Mundua -
Gosea eta gerrak
63 herrialdetan 43 milioi haur artatzeko laguntza eskatu du UNICEFek
2.834 milioi dolar lortu nahi ditu funtsak. Diru gehien behar duen gatazka izaten jarraitzen du Siriak; izan ere, gerraren ondorioek mugak gainditu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Aurten 63 herrialdetako 43 milioi umek aurrera ateratzeko laguntza beharko dutela aurreikusi du Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak (UNICEF). Finantziazio eskasaz ohartarazi du erakundeak, batez ere gatazka luzeen kasuan.
2015eko ekintzen eta erronken balantzea egin du agentziak txosten batean. Milaka pertsona gosearen eta gerren ondorioak sufritzen ari direla gogorarazi du UNICEFek. Anthony Lake funtseko zuzendariak azpimarratu duenez, ia 250 milioi umek indarkeriarekin bizi behar dute euren jaioterrietan.
Nazioarteko agentziak 2.834 milioi dolar (2.620 bat milioi euro) eskatu ditu datozen hilabeteetan programa humanitarioak finantzatzeko. 63 herrialdetan 76 milioi pertsonari laguntza ematea espero du.
43 milioi haur artatu nahi ditu UNICEFek. Besteak beste, 2,9 milioi umeren desnutrizio larria sendatu, 8,2 milioi haurren hezkuntza erraztu eta 11,7 milioi txikiri elgorriaren aurkako txertoa ematea nahi du erakundeak.
Siria
Diru gehien behar duen gatazka izaten jarraitzen du Siriak; izan ere, gerraren ondorioek mugak gainditu dituzte. Sirian bertan, herritarrak artatzeko 316 milioi dolar behar dituzte, baina Egipton, Iraken, Jordanian, Libanon eta Turkian errefuxiatuei laguntzeko beste 847 milioi beharrezkoak dira.
Errefuxiatuak Europara heltzen ari dira gerratik ihesi. Horiek laguntzeko beste 30,5 milioi dolar behar ditu funtsak.
Yemen (180), Kongoko Errepublika Demokratikoa (130), Hego Sudan (154), Sudan (116), Etiopia (106) eta Iraken (101) beharrizana 100 milioi dolarren gainetik kokatu du txostenak.
Diru falta
Bestalde, Afganistan, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Niger edo Sudan bezalako krisi luzeetan diru falta nabaria dela kritikatu du UNICEFek. Herrialde horiek beharrezkoa zutenaren % 40a baino ez zuten jaso 2015ean. Malik eta Ugandak % 17 eta 14 soilik jaso zuten, hurrenez hurren.
Funtsari ekarpenik handiena (363 milioi dolar) AEBek egin zioten iaz, Alemaniaren (305) eta Europar Batasunaren (146) gainetik.