Mundua -
Bake-prozesua
NBEk ikuskatuko du Kolonbiako gatazka armatuaren amaiera
Gobernuak eta FARCek akordioa lortu dute su-etena eta armen entrega egiaztatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek akordioa lortu dute Habanan, hitzartzekoa den aldebiko su-etena eta armak emateko prozesua egiaztatzeko mekanismo bat sortzeko. NBE, Kolonbiako Gobernua eta FARC arituko dira zeregin horretan.
Behin betiko bake akordioa sinatu eta gero hasiko dira lanean egiaztatzaileak, eta eztabaidak konpontzeko, gomendioak emateko eta txostenak egiteko gaitasuna izango dute.
Gobernuak eta gerrillak joan den astean hasi zuten bakea lortzeko prozesuaren amaiera, Latinoamerikako gatazka armatu zaharrenari azkena emateko.
Elkarrizketak 2012ko azaroan hasi zirenetik, bi aldeek bake akordioaren bost puntuetako lau adostu dituzte jada: lurrak eta landa-garapena; parte-hartze politikoa; droga eta narkotrafikoa; eta biktimentzako kalte-ordainak, egia eta justizia.
Hori horrela, azken puntua baino ez zaie falta bake-prozesua guztiz gauzatzeko. Martxoaren 23ra arteko epea adostu dute behin betiko bakea lortzeko.