Mundua -
Venezuela
Salbuespen egoera ekonomikoa ezarri du Venezuelako Gobernuak
Nicolas Maduroren Gobernuaren arabera, 60 egunez izango da indarrean salbuespen egoera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Venezuelako Gobernuak “salbuespen egoera ekonomikoa” ezarri du, 60 egunetarako.
Presidentetzaren Jauregian Lusi Salas Ekonomia presidenteordeak azaldu duenez, “neurri honen helburua existitzen diren arriskuen aurrean herritarrak babestea da”.
Gaur onartutako dekretuaren bitartez, Gobernuak “beharrezkoak diren neurriak” hartzeko ahalmena izango du, “Venezuelako ekonomiak bizi duen salbuespen eta ezohiko egoera ekonomikoari aurre egiteko”.
“Herritarren eskubideak, ongizatea eta oinarrizko zerbitzuak bermatu nahi ditugu horrela”, erantsi du.
Salasek adierazi duenez, salbuespen egoera ekonomikoa ezarrita, induzitutako inflazioak, espekulazioak, ondasunak eta zerbitzuak banatzeko sistemari egindako sabotajeak eta petrolioaren prezio-gerrak eragindako arazoen ondorioak murriztu nahi dituzte.
Nicolas Maduroren Gobernuaren dekretua 60 egunez egongo da indarrean, baina ez dute baztertu beste 60 egunetan luzatzeko aukera.