Mundua -
Mexiko
Hauek dira Chapok espetxetik berriz ihes ez egiteko hartutako neurriak
Sinaloako karteleko burua zortzi aldiz aldatu dute ziegaz, azken lau egunean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joaquin El Chapo Guzman narkotrafikatzailea zortzi aldiz aldatu dute ziegaz lau egunean, Altiplano espetxean, berriz ere ihes egin ez dezan, Gobernuko iturri batek azaldu duenez.
Horren esanetan, uztailaren 11n ihes egin zuenean, "prozesu administratiboa" abiatu zuten kartzela horretan, eta hainbat segurtasun "akats" atzeman zituzten.
"Akats horiek guztiak dagoeneko konpondu dituzte, eta, orain, Altiplano Mexikoko espetxe seguruena da", adierazi du.
Hartutako segurtasun neurrien artean, bideokameren kopurua laukoiztu egin dutela zehaztu du.
Halaber, "goi-mailako zaintzaile talde bati" konfiantza proba zorrotzak egin dizkiote, eta agente horiek 24 orduak ematen dituzte Chapo kameren bitartez behatzen.
"Ez dago puntu itsurik ziegetan", nabarmendu du iturriak. Izan ere, uztailean ihes egin zuen ziegako puntu bat ez zen ikusgai bideokameretan, eta bertatik egin zuen alde, lur azpian tunel bat eraiki baitzuten.
Bestalde, Sinaloako karteleko buruari ziega aldatzen diote noizean behin, "inongo patroirik jarraitu gabe". "Orduak edo egunak eman ditzake ziega berdinean. [...] Lau egunean zortzi ziegatan egon da", esan du.
Gainera, lurzorua indartu egin dute, beste zulorik egin ez dezaten.
Espetxearen sarrerari dagokionez, barruan sartu nahi duten guztiei eskaner bat pasatzen diete, barrunbeak ere aztertzen dituena.
Azkenik, presoen kopurua jaitsi egin dute.
Orain arte, ez dio inork bisitarik egin Chapori espetxean.