Mundua -
Salaketa
Nestle, jomugan AEBn, Boli Kostan haurren esklabotza sustatzeagatik
Lan egitera behartutako haurrek bildutako kakaoa zela jakin arren, multinazionalak lehengaia erosten jarraitu zuela salatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Nestlek eta beste bi multinazionalek egindako saiakerak hutsean geratu dira. AEBko Auzitegi Gorenak baztertu egin du hiru konpainia horien kontra aurkeztutako salaketa baliogabetzea. Hortaz, Boli Kostan haurren esklabotza sustatzeagatik multinazionalaren kontra abiatutako auzia abian da oraindik.
Afrikako herrialde horretan esklabotza pairatu duten lagunetako batzuek Nestle, Archer Daniels Midland eta Cargill konpainien kontrako salaketa jarri zuten 2014an. San Frantziskoko Apelazio Auzitegiak baztertu egin zituen salaketaren kontra jarritako helegiteak, eta orain arrazoia eman dio Gorenak.
Salaketa aurkeztu duten biktima horien arabera, hiru multinazionalek giza eskubideak urratu zituzten Bolin Kostan ekoitzitako kakaoa erosita. Izan ere, epaitegietan aurkeztutako idatzian argudiatu dutenez, hirurak jakitun ziren kakao hori lan egitera behartutako haurrek bildutakoa zela, eta hori horrela izanda ere, osagaiaren salneurria txikiagoa izateko laguntza tekniko eta finantzarioa eman zieten herrialde horretako nekazariei.
Salaketari izkin egin nahian, 2013an AEBko Auzitegi Gorenak emandako ebazpen bati heldu diote hiru konpainiek. Horren arabera, ezin da enpresa estatubatuarrak epaitu AEBtik kanpo egindako gehiegikeriengatik.
Kasu honetan, ordea, ebazpen hori kontuan ez hartzea erabaki du Gorenak, eta beste aukera bat eman die salatzaileei, AEBko enpresa talde batzuek (Merkataritza Ganberak barne) auzia aintzat hartzeko eskatu ondoren.