Mundua -
Ostiralean atxilotu zuten
'El Chapo'ren estradizioa tarte baterako gelditu du Mexikok
Auzitegi Federalak AEBra berehala eramateko prozesua bertan behera utzi du. Erabakiaren ondorioz, estradizioa urtebetez atzera liteke.
Agentziak | Erredakzioa
Mexikoko Auzitegi Federalak Joaquin Guzman Loera 'El Chapo' izengoitiz ezaguna den narkotrafikatzailea AEBra eramateko prozesua gelditu du, denbora tarte baterako bada ere. 'El Chapo' ostiralean atxilotu zuten Sinaloako etxe batean, hainbat hilabetez ihesean egon ondoren.
Zehazki, Zigor Arloko Babeserako bederatzigarren barrutiko eta auzi administratiboetako bigarren barrutiko epaitegiek eman dute erabakia. Ebazpenaren ondorioz, estradizio prozesuak luze jo dezake.
Mexikoko Errepublikaren Prokuradoretza Orokorraren arabera, estradizioa urtebetez atzera liteke, prozedura abiatuta dagoen arren.
Estradizio eskaeraren kontrako babes helegitea aurkeztu zuen Guzman Loeraren defentsak, eta horri men eginda hartu du erabakia Auzitegiak. Estradizioa gauzatuta, Kalifornian eta Texasen epaituko lukete Mexikoko droga trafikatzaile ezagunena eta boteretsuena ei dena.
Mexikoko diputatu eta senatari batzuk estradizioa atzeratzearen alde agertu dira, 'El Chapo'k Altiplano 1 segurtasun handiko kartzelatik ihes egiten lagundu ziotenen berri eman dezakeelakoan. Uztaileko ihesaldiak Mexikoko agintari eta segurtasun indarrak lotsagorritu zituen, eta ordudanik, trafikatzailea aurkitu eta atxilotzeko aurrekaririk gabeko operazioa izan dute abian.