Mundua -
Venezuela
Oposizioa nagusi, Venezuelako Parlamentu berrian
Ramos Allup Parlamentuko presidente berriak iragarri duenez, sei hilabetetan oposizioak proposamen bat aurkeztuko du Nicolas Maduroren Gobernuaren amaiera legearen baitan aurreratzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Venezuelako oposizioak Asanblada Nazionalaren kontrola hartu du. Osoko bilkuran tentsio uneak izan dira, baina azkenean Herny Ramos Allup diputatuak Venezuelako Parlamentu berriko presidente kargua hartu du.
Saioa lau diputaturen inpugnazioekin hasi da, tartean oposizioko hiru ordezkari. Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak irregulartasunak salatu zituen eta horren ondorio izan dira inpugnazioak. Oposizioak ganberaren berrikuntza oztopatu nahi izana egotzi dio.
Pedro Carreño diputatu ofizialistak esan du 167 parlamentarietatik 163k soilik zutela eserlekua hartzeko baimena. Ildo horretan, gogora ekarri du Auzitegi Gorenak onartu egin dituela Amazonasen hiru ordezkariren eta indigena baten kontrako errekurtsoak.
Oposizioak Parlamentuko zuzendaritza mahai berritu nahi zuen, aldaketa sinbolizatu nahian. Hery Ramos Allupek hartu du presidente kargua.
Diputatuek kargua hartu ostean, Ramos Allupek adierazpen instituzionala egin du. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari “aldaketa demokratikoa errespetatzeko” eskatu dio.
Horrez gain, Ramos Allupek iragarri du sei hilabetetan oposizioak proposamen bat aurkeztuko duela Nicolas Maduroren Gobernuaren amaiera legearen baitan aurreratzeko.
Chavismoaren protesta
Diosado Cabello Venezuelako Parlamentuko presidente ohiak aitortu du legegintzaldi zaila izango dela, “baina gutxiengoan egon arren proposamenak egiteko ahalmena izaten jarraitzen dugu”, azpimarratu du.
Gainera, Alderdi Sozialista Batuko diputatuek Asanbladatik alde egin dute, Ramos Allupek gaurko bilkuran araudia urratu duela esanez.
Hector Rodriguez diputatu ofizialistak esan du Ramos Allupek “gezurra eta traizioa” ordezkatzen dituela eta chavismoak “iraultza babesteko” lanean jarraituko duela agindu du.
Presoak
Bestalde, oposizioak “adiskidetzerako” deia egin du eta 2014ko otsailean egindako manifestazioetan parte hartzeagatik espetxeratutako “preso politikoak” gogoratu nahi izan ditu.
Parlamentu berria eratzeko saioa jarraitzen izan dira preso horietako batzuen bikotekideak, tartean Leopoldo Lopezen emaztea, Lilian Tintori. Ekintzaileak “amnistia orain” lelodun pankarta bat atera du.
Tentsioa
Chavismoaren aldekoek eta Gobernuaren aurkariek goizean goizetik elkarretaratzeak egin dituzte Caracasen. Poliziak eta Guardia Nazionalak segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzte Parlamentuaren inguruan, batzuk eta besteek elkar topo egin ez zezaten eta balizko istiluak ekiditeko asmoz.