Mundua -
Erasoak urtezahar egunean
Bruselan eraso egin nahi zuten ustezko bi terrorista atxilotu dituzte
Erasoak ostegun honetan, Urtezahar egunean, egin behar zituzten. Operazioan, igandean eta astelehenean, sei pertsona atxilotu zituzten, baina horietako lau aske utzi dituzte.
Agenctzak | Erredakzioa
Bruselan eraso terroristak ustez prestatzen ari ziren bi pertsona atxilotu dituzte Belgikako segurtasun indarrek, Fiskaltza Federalak jakitera eman duenez. Erasoak ostegunean, Urtezahar egunean, egin behar zituzten.
Ikerketaren arabera, “Bruselako toki ezagunetan, Urtezahar egunean, erasoak egiteko mehatxuak benetakoak ziren”, Fiskaltzak erantsi duenez.
Operazioan, igandean eta astelehenean, guztira sei pertsona atxilotu zituzten Bruselako metropoliaren eskualdean eta Liejan. Hala ere, agintariek lau susmagarri aske utzi zituzten.
Poliziak miaketak egin ditu Bruselako eskualdean, Flandriako Brabanten eta Liejan, Bruselako argibideetako epaile batek aginduta.
Daeshen arropak eta propaganda
Estatu Islamikoaren arropa militarrak eta propaganda aurkitu zituen Poliziak miaketetan. Armarik edo lehergailurik, ordea, ez zuten atzeman.
Operazioak azaroaren 13an, Parisen, egindako atentatuekin zerikusirik ez duela azaldu du Fiskaltzak.
Alerta maila 3. koskan (guztira lau) jarraitzen du Belgikan, atentatuen mehatxu “posiblea” delako. Gutxienez urtea bukatu arte horrela jarraituko du.
Soldaduek hilabete bat, urtarrilaren 20ra arte, kaleetan jarraitzea onartu zuen Gobernuak duela egun batzuk. Helburua segurtasuna bermatzea da. Gehienez 700 soldadu zabaltzeko aukera aztertu du Exekutiboak.