Mundua -

Lurrikararen ostean

Tsunamiaren olatuak 12 metrokoak izan ziren Txilen

Espainiako geologoen arabera, lurrikararen ostean sortu zen tsunamiak 802 biktimen erdiak eragin zituen. Bestalde, erreplika batek argi barik utzi ditu zenbait hiri herrialde hartan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txileko lurrikararen ondorioz sortu zen tsunamiaren olatuak 12 metrokoak izan ziren eta 802 heriotzen erdiak eragin zituen, Espainiako Geologoen Elkargoak (ICOG) gaur jakinarazi duenez.

Datuon arabera, olatuak 12 metrokoak izan ziren Constitucion herrian (hildakoen erdiak hangoak ziren), eta 10 metrokoak Talcahuanon, arpilatze kasu larrienak jazo diren herrian, hain zuzen ere.

Gainera, Roberto Rodriguez ICOGeko kideak azaldu du ez dutela baztertzen tsunamia heriotza gehiagoren eragilea izan izana, agintariak oraindik ezin izan baitira sartu bakartuta geratu diren hainbat herri txikitan.

Erreplika gehiago

Bien bitartean, azken 24 orduetan lurrikararen erreplika gehiago jazo dira Txilen, baina ez du biktimarik ezta kalterik ere eragin.

Azkena 6,1 gradukoa izan da, eta argi barik utzi ditu zenbait hiri.

Etxeratzeko agindua

Patricio Rosende Txileko Barne idazkariordeak atzoko azken orduan jakinarazi zuenez, nahiz eta "ordena eta segurtasun publikoa normaltasunera itzuli" lurrikarak suntsitutako zenbait gunetan, etxeratzeko aginduak indarrean jarraituko du Maule eta Biobio eskualdeetan.

Arpilatzeei erantzute aldera, Txileko agintariek etxeratzeko agindua ezarri zuten astelehenean, Augusto Pinocheten diktaduraren ondoren lehenengo aldiz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea