Mundua -
Venezuela
Madurok ez du amnistia onartuko, eta dimititzea eskatu die ministroei
Oposizioak 112 eserleku lortu ditu ofizialki; Parlamentuaren bi heren, hain zuzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ohartarazi du ez duela onartuko "preso politikoei" amnistia emateko legerik.
Batasun Demokratikoaren Mahaia (MUD) oposizioko koalizioak Parlamentuaren bi heren lortu ditu ofizialki, 112 eserleku eskuratu baititu, eta "preso politikoak" espetxetik ateratzeko lege bat onartuko duela iragarri du.
Hori horrela, Madurok adierazi du espetxean dauden oposizioko buruek "gizateriaren aurkako krimenak" egin zituztela iaz, otsaileko protestetan. Besteak beste, Leopoldo Lopez Herri Borondatea (VP) alderdiko burua kartzelatu zuten hori egotzita.
"Estatuburu gisa esaten dut: ez dut onartuko amnistia legerik. Giza eskubideak urratu zituzten, eta planto egingo dut. Mila lege bidaliko dizkidate, baina herri bateko hiltzaileak epaitu egin behar dira, eta ordaindu egin behar dute", nabarmendu du agintariak.
Aipatutako protestetan, 42 pertsona hil ziren, eta, horrenbestez, justiziak erantzuleak epaitu behar dituela berretsi du presidenteak.
Bestalde, Madurok esan du errespetatu egiten dituela hauteskundeetako emaitzak. "Berehala aitortu genuen herritarren borondatea", esan du.
Ministroen dimisioa
Testuinguru horretan, Madurok karguak Gobernuaren esku uzteko eskatu die ministroei, Exekutiboa "berregituratzeko, berritzeko eta berriz sustatzeko prozesua" abiatu nahi baitu.
"Iragarri nahi dut Gobernua berritzeko eta berriz sustatzeko prozesu horren baitan, karguak Exekutiboaren esku uzteko agindu diedala ministroei", esan du.
Gobernuaren erreforma "arlo guztietan" egingo duela aurreratu du agintariak, eta chavismoaren indar guztien artean elkarrizketak egiteko prozesua abiatuko duela.