Mundua -

Hauteskundeak Venezuelan

Venezuelako oposizioak dio bi hereneko gehiengoa lortu duela

Igandeko hauteskundeetan 112 diputatu lortu dituztela esan du MUD oposizio-aliantzak. Hauteskunde Kontseilu Nazionalak, baina, 107 eserleku esleitu dizkie, momentuz.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

MUD Venezuelako oposizio-aliantzak jakitera eman duenez, 112 diputatu lortu dituzte asteburuko Venezuelako hauteskundeetan, bertako Asanblea Nazionalean bi hereneko gehiengoa, alegia. Halaber, oposizioak dio 112 ordezkari horien aktak ere badituztela. Hauteskunde Kontseilu Nazionalak, ordea, 107 eserleku esleitu dizkie ofizialki, momentuz.

'El Universal' tokiko egunkariaren arabera, astelehenean eman zien Kontseiluak emaitzen berri alderdiei eta, azken informazioaren arabera, 107 dira oposizioaren diputatuak, eta 55, berriz, PSUV alderdiarenak. Hain zuzen ere, ofizialki esleitu gabe egongo lirateke azken bi eserlekuak eta indigenen esku geratutako hirurak.

Horren harian, Freddy Guevara oposizioko ordezkariak MUDen zerrendetara zenbatu ditu hori horiek, eta baita esleitu gabeko beste biak. ''Guztira, 112 diputatu dira eta aktak ditugu'', azpimarratu du.

Beraz, MUD oposizioko aliantzaren 112 diputatu horien artean 81 lirateke nominalak, 28 zerrendetatik eta hiru indigenen ordezkariak. PSUV alderdikoen 55 ordezkarietatik, berriz, 32 dira nominalak eta 23 zerrendetakoak.

Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren datuen arabera, 7,7 milioi boto lortu ditu MUDek (% 56,5) eta 5,5 miloi boto PSUVk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Venezuela albisteak