Mundua -

Emaitza historikoak

Oposizioak irabazi ditu Venezuelako Parlamenturako hauteskundeak

''Aurkako emaitzak'' onartu ditu Madurok, ''chavismoaren moralarekin eta etikarekin''. ''Konstituzioak eta demokraziak irabazi dute'', esan du.

Oposizioko kideak, garaipena ospatzen. EFE
Oposizioko kideak, garaipena ospatzen. EFE
Oposizioak 99 eserleku; chavismoak 46

1:06

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioak irabazi ditu Venezuelako Parlamenturako hauteskundeak. Hauteskunde Batzorde Nazionalak jakitera eman duenez, MUD oposizioko aliantzak irabazi ditu hauteskundeak, Asanblada Nazionaleko 167 eserlekuetatik 99 lortuta. Chavismoak, berriz, 46 ordezkari eskuratu ditu.

Oraindik 22 eserleku geratzen dira esleitzeke, Hauteskunde Batzorde Nazionalak argitu duenez.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ''aurkako emaitzak'' onartu ditu, eta esan du ''chavismoaren moralarekin eta etikarekin'' onartzen dituela. ''Konstituzioak eta demokraziak irabazi dute'', gaineratu du. Bestalde, oposizioari eskatu du ''lortutako garaipena behar bezala kudeatu'' dezatela.

''Gerra ekonomikoak irabazi du; herri proiektu batean jarritako konfiantza apurtzeko estrategiak irabazi du; kapitalismo basati batek sortutako beharren estatuak irabazi du; produktuak ezkutatzeko, garestitzeko politikak; parekorik gabeko gerra da'', gaineratu du. Halaber, oposizioari eskatu dio ''behar bezala'' kudeatu dezatela garaipen hori.

Venezuela Maduro EFE

(Nicolas Madurok porrota onartu du. EFE)

Diosdado Cabello Venezuelako Parlamentuko egungo presidenteak ere aitortu du porrota: ''Erabat onartzen ditugu hauteskundeen emaitzak; gure herri iraultzaileari, eskerrak betiko. Herrialdea da bidea'', esan du

MUD oposizioko alderdien plataformak, bestalde, esan du gaurko garaipenarekin ''aldaketa hasi'' dela. ''Gaur ospakizunerako arrazoiak ditugu; herriak aldaketa eskatzen zuen, eta aldaketa hori gaur hasi da'', esan du Jesus Torrealba MUD aliantzako ordezkariak. Torrealbak gaineratu du garaipenak mezu argi bidaltzen diola Madurori, eta herriak ''argi'' hitz egin duela.

Lilian Tintori Leopoldo Lopez opositorearen emaztearen hitzetan, Madurok porrota onartu du nazioarteko ordezkariak direla-eta.

Venezuela oposicion elecciones efe

(Oposizioko ordezkariak, garaipena ospatzen. EFE)

Parte-hartze handia

Parte-hartzea ''apartekoa'' izan da, Hauteskunde Batzorde Nazionalak emandako datuen arabera. Hain zuzen ere. % 74,5ekoa izan da.

MUD oposizioko aliantzak 72 ordezkari lortu ditu modalitate nominalean, eta beste 27 zerrendetan (guztira, beraz, 99 ordezkari). PSUV Venezuelako Alderdi Sozialistak 24 diputatu eskuratu ditu nominalean, eta beste 22 zerrendetan (46 ordezkari). Ordezkarien erdia baino gehiago galdu ditu.

Emaitza hauekin, 'chavismo'ak galdu egin du orain azken 15 urteotan Asanblada Nazionalean izandako kontrola.

Aliantza oposiziogileak, dena den, uste du garaipena bi hereneko gehiengoarekin lortuko duela, alegia, 113 aulkirekin; izan ere, ondorioztatu du herrialdeko 19 estatutan irabaziko duela. Datu horien arabera, PSUVk 54 parlamentari lortuko lituzke Asanblada Nazionalean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Venezuela argazkiak Latinoamerika Nicolás Maduro Hauteskundeak gaur Leopoldo López albisteak