Mundua -
Siria
Erresuma Batua Estatu Islamikoaren posizioak erasotzen hasi da Sirian
Erresuma Batuko Aireko Armadak petroliogune bat bonbardatu du, Legebiltzarrak erasoei oniritzia eman ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuko Aireko Armadako (RAF) lau hegazkinek Estatu Islamikoaren (EI) kontrolpean dagoen petroliogune bat bonbardatu dute Sirian. Ekintza hori atzo Erresuma Batuko Legebiltzarrak erasoak egitea onartu ostean egin dute.
BBCri egindako adierazpenetan, Fallonek adierazi du RAFeko Tornado gisako bonbardero-ehiztariek sei helburu eraso dituztela Omarreko petrolio-zelaian (Siria ekialdean, Irakekin mugan). Petrolio-zelai hori Estatu Islamikoak diru-sarrerak lortzeko erabiltzen ditu.
Ministroak zehaztu duenez, bera izan da agindua eman duena, Komunen Ganberak botazioa egin eta gero.
Erresuma Batuak 2014tik erabiltzen du base hori Estatu Islamikoaren aurkako erasoak egiteko Iraken. 860 militar ditu bertan eta hainbat hegazkin-ehiztari, besteak beste, zortzi Tornado GR4, baita erregai-hornikuntzarako Voyager aireontzi bat eta Predator droneak ere (Hellfire misilak erabiltzen dituztenak).
Legebiltzarrak erasoak onartu
Hamar orduko eztabaidaren ostean, Erresuma Batuko Parlamentuak onartu egin zuen Estatu Islamikoaren kontra bonbardaketak Sirian ere egitea. 2014az geroztik ari dira Iraken talde horren aurkako eraso militarrak egiten.
David Cameron lehen ministroaren proposamenak 397 parlamentariren babesa lortu zituen; 223 diputatuk, berriz, kontra bozkatu zuten.
Jeremy Corbyn oposizioko buruak, erasoak egitearen kontra dagoenak, boto askatasuna eman zien bere parlamentariei, alderdi barruan zegoen zatiketa ikusita.