Mundua -

Errusia - Turkia

Erdoganek Estatu Islamikoari petrolioa erosten diola esan du Errusiak

Gainera, Errusiako Armadak esan du AEBk zuzentzen duten koalizioak ez duela bonbardaketarik egiten Estatu Islamikoak petrolioa garraiatzeko erabiltzen dituen kamioien aurka.

Errusiako Armadako ofizialen agerraldia. Argazkia: EFE
Errusiako Armadako ofizialen agerraldia. Argazkia: EFE
Errusiako Armadako ofizialen agerraldia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Defentsa Ministerioak salatu du Estatu Islamikoaren petrolioaren “erosle nagusia” Turkia dela eta Recep Tayyip Erdogan presidentea negozio horretan nahasita dagoela.

“Estatu Islamikoak Sirian eta Iraken lapurtutako petrolioaren erosle nagusia Turkia da”, azpimarratu du Anatoli Antonov Defentsa ministrordeak.

Turkiako presidentea dimisioa emateko prest agertu da, Errusiak egin duen salaketa egiazkoa dela frogatuz gero. Erdoganek adierazi du inork ez duela eskubiderik Turkia horrela “kalumniatzeko” eta bere burua defendatu du: baloreak galdu ez dituela eta, beraz, erakunde terrorista batekin negoziatu ez duela nabarmendu du.

Errusiako Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera, “Erdogan presidentea eta haren familia negozio kriminal horretan nahasita daude; adierazpen oso zuzenak dira, baina negozio hori kontrolatzeko nor dagoen ikustea besterik ez dago”, azaldu du.

“Mendebaldean inork ez du galdetu zergatik den Turkiako presidentearen semea konpainia energetiko handienetako baten zuzendaria edo zergatik izendatu duten Energia ministro. Familia negozio borobila!”, esan du ironiaz.

“Turkiarren zinismoak ez du mugarik. Beste batzuen herrialdean sartzen dira eta inolako lotsarik gabe lapurretan aritzen dira”, kritikatu du.

Defentsa ministrordeak gogora ekarri du petrolio-salmenta dela Estatu Islamikoaren finantzazio iturri nagusia: “Urtean 2.000 milioi dolar irabazten dituzte”.

Koalizioak ez ditu Estatu Islamikoaren kamioiak bonbardatzen

Bestalde, Sergei Rudskoi Errusiako Armadako zuzendaritza nagusiaren buruzagiak jakinarazi du Siriatik eta Iraketik Turkiara petrolioa garraiatzeko Estatu Islamikoaren kontrolpean dauden hiru ibilbide topatu dituztela.

Jeneralak azpimarratu du zonalde horietan AEBk zuzendutako koalizioak ez dituela bonbardaketak egiten. “Terroristen kamioiak suntsitzeko erasoak egiten ari direnaren zantzurik ez dago”, ziurtatu du.

Joan den irailaren 30ean Errusiako Armada Sirian bonbardaketak egiten hasi zenetik, berriz, Estatu Islamikoak petrolioa garraiatzeko erabiltzen dituen kamioien kopurua “nabarmen” jaitsi dela adierazi du.

Errusiaren datuen arabera, Estatu Islamikoak 8.500 kamioi ditu eta egunero petrolioz betetako 200.000 kupel garraiatzen dituzte.

“Egunean 3 miloi dolar irabaztera iritsi dira, petrolioari esker. Bonbardaketekin hasi ginenetik hona, Estatu Islamikoaren diru-sarrerak 1,5 milioi dolarreraino jaitsi dira”, zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak bideoak Errusia bideoak Estatu Islamikoa Jihadismoa hoy Gaurko azken ordukoa Petrolioa Zer ari da gertatzen Sirian?