Mundua -

Estatu Islamikoaren aurka

EIren aurkako borrokan, Frantzia babesteko misioa onartu du Alemaniak

Alemaniako Gobernuak parte-hartze militarra babestu du, baina Alemaniako Parlamentuan misioari buruzko bozketa egingo dute.

Angela Merkel eta François Hollande. Artxiboko irudia: EFE
Angela Merkel eta François Hollande. Artxiboko irudia: EFE
Angela Merkel eta François Hollande. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoaren kontrako borrokan Frantziari babesa emateko misio militarra onartu du gaur Alemaniako Ministro Kontseiluak. Horren arabera, 1.200 soldadu alemaniarrek ikuskapen, segurtasun eta logistika lanak egingo dituzte.

Hasiera batean, urtebete iraungo du misio militarrak, eta, Alemaniako Armadak atzerrian egin ohi dituen operazio guztiekin gertatzen den bezala, misioari buruzko bozketa egingo dute Alemaniako Parlamentuan.

Alemaniak ikuskapenerako Tornado hegazkinak eta sateliteak jarriko ditu.

Gainera, Frantziako hegazkin bonba-jaurtitzaileak erregaiz hornitzeko hegazkina bidaliko du, Charles de Gaulles hegazkin-ontziari babesa emateko fragata batekin batera.

Bestalde, Alemaniak bere konpromiso zibila indartuko du Sirian eta inguruko herrialdeetan (Irak kasu) errefuxiatuei laguntzeko, eta herrialde barruan lekuz aldatu direnei eta horiek hartzen dituztenei laguntzeko.

Ursula von der Leyen Alemaniako Defentsa ministroak Deutschlandfunk irrati-kateari eginiko adierazpenetan adierazi du Alemaniak ez duela lankidetzarako biderik irekiko Baxar al-Asadekin: "Ez dugu kooperatuko eskuak odolez zikinduta dituztenekin". "Ez da etorkizunik izango Asadekin", gaineratu du ministroak.

Parisko atentatuen ondotik, Estatu Islamikoari Sirian eta Iraken aurre egiteko babes handiagoa eskatu zion Frantziak Alemaniari. Eskaintza haren ondotik etorri da erabaki hau.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gerra Siria Alemania Estatu islamiarra berriak Eguneko albisteak Siria gaur