Mundua -
Alemania
Gizon bat atxilotu dute Alemanian, EIri armak saldu dizkiolakoan
Bild egunkari alemaniarrak jakitera eman duenez, Parisko azaroaren 13ko atentatuetan 130 pertsona hil zituzten terroristei lau arma saldu zizkiela pentsatzen dute.
agentziak | erredakzioa
Stuttgarteko (Alemania) fiskalek jakinarazi dute 34 urteko gizonezko bat atxilotu dutela armen trafikoa egin izana egotzita, baina ez dute baieztatu horrek saldu zizkien armak Parisko atentatuak egin zituzten terroristei.
"Gizonezko bat armen trafikoaren susmopean atxilotuta dagoela besterik ezin dut baieztatu", adierazi du Baden-Württemberg estatu federatuko fiskalaren bozeramaileak, atxiloketa asteartean izan zela jakinarazi baino lehen.
Parisko azaroaren 13ko atentatuetan 130 pertsona hil zituzten terroristei lau arma saldu izanaren susmopean atxilotu dutela zabaldu du horren aurretik Bild egunkariak.
Horren arabera, Txinan egindako bi AK-47 eta Jugoslavia bat eginda zegoen garaiko bi Zasatva M70 saldu zizkien Internet bidez azaroaren 7an "guraso arabiarrak" zituen erosle bati.
Lau mezu elektroniko atzeman zizkioten sakelako telefonoan, eta "Parisen zegoen arabiar batekin" harremanetan zegoela jakin zuten horrela. Fiskalen ustez, atentatuetan erabili zituzten armak, Alemaniako egunkari horren esanetan.