Mundua -

Putin – Hollande bilera

Errusiak eta Frantziak EIren aurkako erasoak koordinatzea adostu dute

Gainera, Errusiak ez du baztertu Ameriketako Estatu Batuekin ere elkarlanean aritzea. Al Assaden etorkizunaren harira, berriz, Hollande eta Putin ez dira bat etorri.

François Hollande eta Vladimir Putin. Argazkia: EFE
François Hollande eta Vladimir Putin. Argazkia: EFE
François Hollande eta Vladimir Putin. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak eta Frantziak Estatu Islamikoaren kontrako eraso militarrak koordinatuko dituzte Sirian. Hala adostu dute gaur Vladimir Putinek eta François Hollandek Moskun egin duten bileran.

“Koordinazioa bi herrialdeen artean eta Estatu Batuek zuzentzen duten koalizioarekin izango dugu”, adierazi du Putinek bi agintariek egin duten agerraldian.

“Orain bonbardaketak non egin ahal ditugun eta non ez zehaztu behar dugu”, erantsi du.

Hollandek azpimarratu du erasoak koordinatzeaz gain, erasoak ugaritu egingo dituztela.

Ildo horretan, Estatu Islamikoak kontrolpean dituen petrolio ustiapenak eta petrolioa garraiatzen duten kamioiak eraso militarren helburu izango direla iragarri du, talde horren finantzazio-iturri nagusia delakoan.

Errusiak ez du baztertu AEBekin bat egitea

Horrez gain, Vladimir Putinek atea ireki du epe ertainean Ameriketako Estatu Batuek zuzentzen duten nazioarteko koalizioarekin bat egitea. Aipatu koalizioa 2014tik ari da Sirian eta Iraken Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketa egiten.

Alabaina, balizko aliantza hori gauzatzeko baldintza bat jarri du: joan den astearteko gertakaria berriro ez errepikatzea. Turkiako Armadak Errusiako gerra-hegazkin bat suntsitu zuen.

“Horrelakorik berriro gertatuko ez dela ziurtzat ematen dugu; bestela, ez dugu inorekin elkarlanik izango, ez dugu inolako herrialde edo koaliziorekin bat egingo”, ohartarazi du Putinek.

Al Assad: adostasunik ez

Siriako gatazkak konponbide politikoa behar duela ere berretsi dute Putinek eta Hollandek, baina beste behin ere ez dira bat etorri prozesu horretan Bachar al Assad presidenteak izan behar duen eginkizunaz.

“2011an piztutako kaosak 300.000 pertsona hil ditu eta errefuxiatu oldea eragin du; beraz, krisi honi konponbide politikoa bilatu behar diogu”, adierazi du Hollandek.

Hala ere, agintari frantziarrak zenbait baldintza ezarri ditu: “koalizio gobernu bat osatzea; trantsizio garaian gobernu independente bat ezartzea; Konstituzio berri bat adostea eta fakzio politiko guztiak parte hartuko duten hauteskundeak deitzea; eta, nola ez, Siriaren etorkizunean Al Assadek ez du inolako esku-hartzerik izan behar”.

Vladimir Putinek, berriz, Al Assad babestu du. “Siriako presidentearen etorkizuna siriarrek erabakiko dute”, nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Zer gertatu da Parisen? Errusia bideoak Vladímir Putin Frantzia albisteak François Hollande bideoak Estatu islamiarra berriak Gaurko azken ordukoa