Mundua -
Altagracia de Orituco
Venezuelako oposizioaren buruzagi bat hil dute hauteskunde-kanpainan
Biktima Luis Manuel Diaz Accion Democratica alderdiko idazkari nagusia da. Hilketa Gobernuan dagoen alderdiari leporatu dio oposizioak, baina chavismoak edozein erantzukizun ukatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Oposizioko buruzagi bat hil dute gaur hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean, Altagracia de Oritucon (Venezuelako erdialdea). Lilian Tintorik, Leopoldo Lopez Voluntad Popular alderdiko buruzagiaren emazteak, ekitaldian parte hartu du.
Luis Manuel Diaz Accion Democratica (AD) alderdiko idazkari nagusia tirokatu dute, Henry Ramos Allup oposizioko alderdiaren idazkari nagusiak Twitter sare sozialaren bidez jakitera eman duenez.
“Banda armatuek” ibilgailu batetik tiro egin dutela ziurtatu du Ramosek. Oposizioko ordezkariaren hitzetan, banda horiek Venezuelako Alderdi Sozialistaren (PSUV) zati dira.
“PSUVeko banda armatuek eta taldeek oposizioko militante eta hautagaien aurka egindako erasoak areagotu dira”, salatu du oposizioko bozeramaileak.
Hilketa Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) antolatutako mitin batean gertatu da, Altagracia de Oritucon (Guarico estatua). Tintorik oposizioko aliantzaren hautagaiak lagundu ditu bertan.
Beste hiru eraso
Azken egunetan gutxienez beste hiru eraso izan direla salatu du oposizioak. Hauteskunde-kanpainako ekitaldietan oposizioko koalizioaren buruzagiei eta hautagaiei eraso egin diete, batzuetan su-armekin.
Kaputxadun talde batek airera tiro egin zuten iragan igandean, oposizioren karabana Caracaseko ekialdetik igarotzea oztopatzeko, Miguel Pizarro oposizioko hautagaiak salatu zuenez. Erasotzaileek janzkera chavista zutela adierazi zuen Pizarrok.
Era berean, duela bi aste Yaren eraso egin ziotela salatu zuen Henrique Capriles Mirandako gobernadoreak eta presidentegai ohiak. Saul Yañez bertako alkate chavistak erasoa zuzendu zuela nabarmendu zuen Caprilesek.
Oposizioko buruzagiaren ahotan, alkate ofizialistak eta talde “oso txiki” batek “pistola eskuetan” hartu zituzten, herrian sartzea eragozteko. Salaketa guztiak gezurtatu ditu chavismoak, eta edozein erantzukizun ukatu du.