Mundua -
Hollande – Merkel bilera
Estatu Islamikoaren aurka, Alemaniak gehiago egitea nahi du Hollandek
Angela Merkelek iragarri du 650 soldadu bidaliko dituela Malira, Frantziari laguntzeko. François Hollandek, baina, Alemania Estatu Islamikoaren aurkako borrokan gehiago inplikatzea eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
François Hollande Frantziako presidenteak Estatu Islamikoaren aurkako borrokan “gehiago inplikatzeko” eskatu dio Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari. “Alemaniak gehiago urrats bat gehiago eman behar du Sirian eta Iraken”, adierazi du.
Horrez gain, Hollandek berretsi egin du Siriatik ihesi doazen errefuxiatuak ez direla Estatu Islamikoaren jihadistekin nahastu behar, Pariseko atentatuen ustezko egileetako bat errefuxiatuen artean Siriatik atera bazen ere.
“Merkelek erabaki garrantzitsuak hartu ditu eta nik eskertu egiten diot”, esan du; izan ere, Alemaniak 650 soldadu bidaliko ditu Malira, Frantziako Armadari lurralde horretan laguntzeko.
Hala ere, “Alemaniak Estatu Islamikoaren aurka Sirian eta Iraken gehiago egitea gustatuko litzaidake; seinale ona izango litzateke hori”, erantsi du.
Bide militarraz gain, Estatu Islamikoaren aurka borroka egiteko beste neurri batzuk hartu behar direla esan du Hollandek, eta, tartean, hegazkinez bidaiatzen duten pertsonen erregistroa onartzea eta “terrorismoa finantzatzeko diru-iturriak” desagerraraztea aipatu ditu.
Hollandek bere bilera-sortarekin jarraituko du eta ostegun honetan Moskun izango da, Vladimir Putinekin batzartzeko. Estatu Islamikoaren aurka herrialde guztiek “elkarrekin” eta “ekintza guztiak koordinatuta” aritzeko beharrizana helaraziko dio.