Mundua -
Europa, atakan
Valls: 'Europak ezin du errefuxiatu gehiago hartu, ez da posible'
Frantziako lehen ministroak mugetako kontrolak gogortzearen alde du; horrek erabakiko ei du Europaren etorkizuna.
Agentziak | Erredakzioa
"Errefuxiatuen krisiak azkenera eraman behar ditu Europako herrialdeak. Gainezka daude eta ezin dituzte errefuxiatu gehiago hartu", adierazi du Manuel Valls Frantziako lehen ministroak, eta mugetako kontrolak gogortzearen alde egin du.
"Europak ezin du errefuxiatu gehiago hartu, ez da posible", nabarmendu du Vallsek Süddeutsche Zeitung Alemaniako egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. Mugetako kontrolak zorroztea ezinbestekoa dela aldarrikatu du, horrek erabakiko ei du Europaren etorkizuna: "Egiten ez badugu, jendeak hauxe esango du: Nahikoa eduki dugu Europarekin".
Zeharka bada ere, Angela Merkelek orain arte errefuxiatuen krisian babestutakoa kritikatu du Vallsek. Hain justu, Francois Hollande Frantziako presidentearekin bilera du gauean Alemaniako kantzilerrak.
Errefuxiatuen krisia kudeatzeko moduagatik, hasieran hitz onak jaso zituen Merkelek. Iheslarien oldeak erritmo biziari eutsi dio ordudanik, eta kritikak jasotzen hasi da jada Alemaniako buruzagia. Alemaniako mugak zabaldu izanak errefuxiatu gehiago erakarri dituela uste dute kontserbadoreenek.
Parisko atentatuek ere ez dute giroa gozatu. Jihadistek errefuxiatuen bide bera erabili duten susmoak kontrolak areagotzearen aldeko tesia bultzatu du.