Mundua -
Errusia-Turkia gatazka
NATOk Turkiaren bertsioa defendatu du hegazkin errusiarraren aferan
Era berean, Barack Obama AEBko presidenteak babes osoa helarazi dio Turkiari "subiranotasunaren defentsan".
agentziak | erredakzioa
Jens Stoltenberg NATOren idazkari nagusiak lasaitasunerako eta tentsioa murrizteko deia egin du Turkiak Errusiaren gerra hegazkin bat behera bota ostean, eta aliatuek Ankararen bertsioa baieztatzen dutela jakinarazi du.
"Lasaitasunerako eta tentsioa murrizteko deia egiten dut", adierazi du Stoltenbergek NATOren kontseiluak bilera izan ostean. Moskuren eta Ankararen arteko harremanak nahasi dituen gertakariaren ostean, Turkiak eskatuta egin dute bilera NATOko 28 enbaxadoreek, erakundearen batzorde erabakitzaileak.
Errusiak Turkiako aireko espazioa urratu ote zuen galdetuta, Stoltenbergek Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroarekin hitz egin duela esan du, eta "aliatuen analisiek baieztatu egiten dute Turkiak emandako informazioa", erantsi du.
Dena dela, Stoltenbergek aitortu du ez duela "harreman zuzenik" izan Moskurekin.
Obamaren babesa
Bestalde, Barack Obama AEBko presidenteak telefonoz hitz egin du Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin, Washingtonen eta NATOren babesa helarazi, eta Turkiaren "subiranotasuna defendatzeko" eskubidea aitortzeko.
Bi agintariek Turkiaren eta Errusiaren arteko tentsioa baretzearen garrantzia azpimarratu dute, eta "mekanismoak" bilatuko omen dituzte "horrelako gertakariak ez daitezen gehiago gertatu", Etxe Zuriak prentsa-ohar baten bidez azaldu duenez.
Obamak eta Erdoganek berriz esan dute Estatu Islamikoa "suntsitzeko konpromisoa" dutela.