Mundua -
Bilera Etxe Zurian
Hollande eta Obama, EIren aurka bat eginda borrokatzearen alde
Obamak Errusia inplikatu nahi du Estatu Islamikoaren kontrako borrokan. Hollandek esan du ez duela Frantziako Armadako soldadurik bidaliko Siriara.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barack Obama eta François Hollande bat etorri dira Estatu Islamikoa “suntsitu” egin behar dela esatean, eta borroka hori modu “bateratuan” egin behar dela aldarrikatu dute. Alabaina, Errusiari helburuak “berriro bideratzeko” eskatu diote, balizko elkarlana hasi aurretik.
Hollande Washingtonen izan da gaur, eta Etxe Zurian bildu da Obamarekin. Estatu Islamikoaren kontrako borrokan babes diplomatikoa bilatu nahian hasitako bilera-sortaren baitan, ostegunean Moskura joango da, Vladimir Putinekin batzartzeko.
Hollandek berretsi egin du azken egunotako mezua: Estatu Islamikoa militarki suntsitu behar dutela, horretarako nazioarteko herrialdeen batasuna beharrezkoa dela eta bonbardaketak areagotuko dituztela.
Frantziako presidenteak esan du Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren ebazpena “oinarri” gisa erabili behar dela eta Estatu Islamikoak Sirian bere egin dituen aldeak berreskuratzea “lehentasuna” izan behar dela.
Era berean, Turkian mugako kontrola egin behar dela adierazi du, “terroristen joan-etorria galarazteko eta bestelako finantzazio-iturriak mozteko”.
Hala ere, Hollandek esan du ez duela Frantziako Armadako soldadurik bidaliko Siriara. “Frantziako tropak ez dira Siriako lurraldean arituko; bonbardaketak egingo ditugu”, erantsi du.
Obama Errusiara begira
Bestalde, Obamak esan du Ameriketako Estatu Batuak eta Frantziak koordinatuta egingo dutela EIren aurkako borroka. Bi herrialdeak iaztik ari dira Iraken eta Sirian bonbardaketak egiten.
Hollandek eta Obamak Errusiaren babesa nahi dute bide militarrean, baina oraingoz Errusia Baxar al-Asadi laguntzen ari da Estatu Islamikoaren aurka.
Obamaren ustez, jarrera hori okerra da. “Errusia eraginkorragoa izango litzateke EIren aurkako borrokan erasoak egiteko modua aldatuko balu”.
Hollandek ez du Errusia koaliziotik baztertu nahi, baina horretarako Moskuk eraso militarrak Estatu Islamikoaren aurka soilik bideratu beharko lituzkeela eta Sirian “konponbide politikoa” babestu beharko lukeela azaldu du.
2011ko martxotik, Sirian, 300.000 pertsona hil direla gogoratu dute bi agintariek, eta Siriako presidentea arazoaren parte dela berretsi dute.
Bestalde, Obamak esan du AEB eta Frantzia beti izan direla adiskideak, “garai onetan eta txarretan”. “Parisko atentatuekin gure bihotza ere apurtu zuten. Geure burua bertan ikusi genuen”, adierazi du.
Hollandek Obamak helarazitako babesa eskertu du. “Irailaren 11n frantziar guztiak estatubatuarrak baziren, azaroaren 13an estatubatuarrak frantziarrak izan dira; Frantziari eraso eginda, munduari egin diote eraso terroristek”, nabarmendu du.
“Estatu Islamikoak ezin gaitu guda-zelaian garaitu, eta, ondorioz, gure etxean beldurrarazten saiatzen dira”, erantsi du Obamak.
Errefuxiatuak
Amaitzeko, Obamak Siriatik ihes egin duten errefuxiatuak hartzeko beharra azpimarratu du, eta AEBk 10.000 siriar hartuko dituela berretsi du, oposizio errepublikanoa kontra izan arren.
Nolanahi ere, eskua luzatzearekin batera segurtasun-neurriei eutsi egingo dietela esan du. “Etorkinak eta terroristak ez ditugu inoiz nahasiko, baina, aldi berean, mugak kontrolatzen jarraitu behar dugu”, esan du.