Mundua -
Hegazkin errusiarra
Putinek 'terrorismoaren laguntzaile' izatea leporatu dio Turkiari
Hegazkinaren kontrako erasoa terroristen “lagunek” egindako “jokaldi makurra” izan dela eta Turkiarekiko harremanetan “ondorio larriak” izango direla ohartarazi du.
agentziak | erredakzioa
Vladimir Putin Errusiako presidenteak "terroristen laguntzaile" izatea leporatu die agintari turkiarrei, Sirian gerra hegazkin errusiar bat bota ostean.
"Gertakaria atera egiten da terrorismoaren kontrako borrokaren testuingurutik. Baina gaurko galera terrorismoaren laguntzaileen jokaldi makurra izan da", adierazi du Putinek Abdala II.a Jordaniako erregearekin bildu ostean.
Hala, Errusiaren eta Turkiaren arteko harremanetan "ondorio larriak" izango dituela azpimarratu du.
Putinek azaldu duenez, "agerikoa" da Su-24 hegazkina ez zela mehatxua Turkiarentzat. "Mugatik sei kilometrora bota dute, Siriaren aireko espazioan", berretsi du.
Bestalde, agintari errusiarrak gogorarazi du Estatu Islamikoaren esku dauden petrolio kantitate handiak hartzen dituela Turkiak.
Era berean, kritikatu egin du agintari turkiarrak erasoaren biktima bezala jokatzen aritzea, NATOra jo dutelako Moskurekin hitz egin aurretik: "NATO Estatu Islamikoaren zerbitzura jarri nahi dute?".
Turkiak erantzuteko eskubidea aldarrikatu du
Bestalde, Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak aireko espazioa defendatzeko duten eskubidea aldarrikatu du.
Ankaran emandako hitzaldi batean azaldu duenez, Turkiak "behar den guztia" egingo du segurtasuna bermatzeko.