Mundua -

Siria

Turkiak hegazkin errusiar bat bota du Siriako mugatik gertu

Turkiak esan du aireko espazioa urratzeagatik egin duela, baina Errusiak gezurtatu egin du. Rusiaren esanetan, pilotuetako bat hilik dago.

Turkiak bota duen hegazkina. Argazkia: EiTB
Turkiak bota duen hegazkina.
Turkiak Errusiako gerra hegazkin bat behera bota du

1:26

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako hegazkinek hegazkin militar errusiar bat bota dute goizaldean, hegazkinak ustez Turkiaren aireko espazioa urratu eta oharrei jaramonik egin ez dielako, Turkiako Armadak jakitera eman duenez. Errusiak, berriz, gezurtatu egin du Turkiaren aireko espazioa urratu izana, eta erasoa lurretik etorri dela uste dute.

Aipatu iturri turkiarren arabera, Turkiaren F-16 hegazkinek bota dute hegazkin militarra, aurretik hainbat abisu eman ostean. Siria iparraldean izan da erasoa, mugatik oso gertu.

Behera botatako hegazkineko pilotuek ihes egitea lortu dute, baina ez dago argi bizirik dauden. Errusiak ziurtatu du bietako bat hilik dagoela, baina informazioak oso nahasgarriak dira.

Horren ildotik, milizia turkomanoek esan dute hil egin dituztela paraxutean jaisten ari zirenean, CNNTurk-ek zabaldu duenez, baina Turkiako Gobernuak iragarri du bizirik daudela uste duela.

Horren aurretik, Anatolia agentziak zabaldutako irudietan ikus zitezkeen bi pilotuak hegazkinetik ihes egiten paraxutetan. Gainera, turkomanoen miliziek, Turkiaren babesa duten Assaden kontrako taldeek, harrapatu dituztela esan dute.

NATOren bilera

NATOren Kontseiluak, aliatuen 28 enbaxadoreek osatzen duten organo erabakitzaileak, bilera egingo du Turkiak gaurko erasoari buruzko azalpenak eman ditzan.

"Turkiak eskatuta, NATOren Kontseiluak aparteko bilera egingo du" (Euskal Herriko 17:00etan), erakundeko iturriek jakitera eman dutenez.

Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak Atzerri Gaietarako Ministerioari agindu dio gertakaria NATOra eta NBEra eraman dezala.

Putin: Turkia, "terrorismoaren laguntzaile"

Vladimir Putin Errusiako presidenteak "terroristen laguntzaile" izatea leporatu die agintari turkiarrei, Sirian gerra hegazkin errusiar bat bota ostean.

"Gertakaria atera egiten da terrorismoaren kontrako borrokaren testuingurutik. Baina gaurko galera terrorismoaren laguntzaileen jokaldi makurra izan da", adierazi du Putinek Abdala II.a Jordaniako erregearekin bildu ostean.

Hala, Errusiaren eta Turkiaren arteko harremanetan "ondorio larriak" izango dituela azpimarratu du.

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak bertan behera utzi du Turkiara egitekoa zuen bisita, eta bertara ez joateko eskatu die errusiarrei, mehatxu terroristak gora egin duela argudiatuta.

Turkia, Errusiaren operazioen aurka

Errusiako Armadak Sirian galdu duen lehenengo hegazkina da irailaren 30ean Damascoko Gobernuarekin terrorismoaren kontrako borrokan laguntzeko akordioa sinatu zuenetik.

Ankarak aireko espazioaren hainbat urraketa salatu ditu, eta Moskuri ohartarazi zion hegazkin errusiarrak botako zituela baimenik gabe Turkiako eremuan sartuz gero.

Errusiak onartu egin zuen Turkiaren eremuan sartu izana, baina eguraldiari egotzi zion errua, Jmeimim Siriako hegazkin basea, Errusiarena, Turkiako mugatik 30 kilometro eskasera baitago.

Turkia Errusia Sirian egiten ari den operazio militarraren kontra dago, eta Sirian, mugatik gertu, dagoen espazioan gerra hegazkinik ez ibiltzea eskatu du.

Baxar al-Asaden hegazkinez gain, Errusiaren hegazkin militarrak eta AEBk zuzentzen dituen koalizioarenak daude Sirian, Estatu Islamikoari aurre egitera joandakoak.

Siriak "terrorismoa babestea" egotzi dio Turkiari

Bestalde, Siriako Gobernuak esan du errusiar hegazkina eraitsi izanak erakutsi egiten duela Turkiak terrorismoa "babesten" duela, SANA agentziak jakinarazi duenez.

Siriako Erregimenaren esanetan, "Turkiak hegazkin errusiar bat eraistsi du 09:23an (08:23, Euskadin), Daesh talde terroristaren aurka misio bat egitetik bueltan zegoela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Gerra Siria Errusia berriak NATO Eguneko albisteak Turkia berriak Siria albisteak gaur