Mundua -
Frantzia
Gerriko lehergailu bat topatu dute Parisen
Parisko atentatuetan erabilitakoen antzekoa da, eta ihes eginda dagoen Salah Abdeslamen sakelako telefonoa aurkitu zuten inguruan topatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako Poliziak gerriko lehergailu bat topatu du, azaroaren 13ko atentatuak egiteko erabilitakoen antzekoa.
Gerrikoa Montrouge udalerrian aurkitu dute, Paris hegoaldean. Polizia zientifikoak egindako lehendabiziko analisien arabera, TATP motatako lehergaia zuen, Parisko erasotzaileek erabilitako materiala, hain zuzen ere.
Montrougetik hurbil, Chatillon udalerrian, topatu zuten Salah Abdeslam jihadista iheslariaren sakelako telefonoa.
Bestalde, Frantziak lehendabiziko operazio militarra egin du gaur Charles de Gaulle hegazkin-ontzitik. Sirian ikuskatze misioak egin dituzte, baina Iraken Estatu Islamikoaren kontrako bonbardaketak egin dituztela jakinarazi dute.
Charles de Gaulle gerraontzia bidalita, Frantziak hirukoiztu egin du bere ahalmena, eta orain 38 hegazkin ditu Sirian eta Iraken bonbardaketak egiteko erabilgarri. Hegazkin-ontziaz gain, Jordaniako eta Arabar Emirerri Batuko base militarrak erabiltzen ditu Frantziak inguru horretan.
François Hollandek esan du Estatu Islamikoaren kontrako erasoak ugaritu egin nahi dituela, eta helburua erakunde horri “kalte handiena” eragitea dela azpimarratu du.