Mundua -
Alerta gorena Bruselan
Parisko atentatuetan parte hartu izana egotzi diete lau atxiloturi
Polizia-operazioetan atxilotutako pertsona gehienak aske utzi dituzte. Astearte honetan ere, alerta maila gorenean jarraituko dute Bruselan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken egunotako polizia-operazioetan atxilotutako 21 pertsonatik lauri Parisko atentatuetan parte hartu izana egotzi diete, Belgikako Fiskaltzak jakitera eman duenez.
Bart, Bruselan eta Charleroin egindako miaketetan atzemandako gainerako 15 lagunak aske utzi dituzte.
Belgikako Poliziaren unitate bereziek operazioak egiten jarraitu dute astelehenean, eta beste bost pertsona atxilotu dituzte Bruselan eta Liejan.
Epailearen aurrera eraman dituzte bostak, eta horietako bi aske geratu dira, deklaratu ostean. Beste hirurek epailearen esku jarraitzen dute. Datozen orduotan erabakiko dute aske utzi edo ez.
Bestalde, ekintza terroristengatik ezarritako alerta maila gorenari eutsiko diote bihar ere Bruselan. Belgikako gainerako lurraldeetan, berriz, hirugarren maila ezarriko dutela jakinarazi du Charles Michel lehen ministro belgikarrak.
“Igandean azaldu nituen mehatxuak ez dira desagertu”, ohartarazi, eta jende asko biltzen den tokietan (kaleetan, saltokietan eta garraio publikoetan) erasoak izateko arriskua “larria eta berehalakoa” dela berretsi du.