Mundua -
Belgikan
Dagoeneko 21 dira Belgikako polizia-operazioan atxilotutakoak
Belgikako Poliziak zazpi etxebizitza gehiago miatu eta bost pertsona atxilotu ditu gaur.
Agentziak | erredakzioa
Belgikako Poliziak beste zazpi miaketa egin ditu herrialdearen ekialdean, Brusela eta Liege eskualdeetan, eta bost pertsona gehiago eraman dituzte atxilo, Fiskaltzak jakitera eman duenez. Atzokoak kontuan izanda, dagoeneko 21 dira atxilotuak, eta Polizia galdekatzen ari da.
Bestalde, Fiskaltzak gezurtatu egin du Salah Abdeslam Parisko atentatuen susmagarri nagusiak BMW batean sartuta atzo ihes egin zuenik.
Ibilgailua ez zen Poliziaren ohiko kontrol batean gelditu, baina identifikatu ostean, "martxan dagoen operazioarekin zerikusirik ez" zuela egiaztatu ahal izan omen dute.
Bart egindako miaketetan 26.000 euro inguru atzeman dituzte, eta gainerakoetan aurkitutakoa aztertzen ari dira.
Atzo
Belgikako fiskal federalak prentsaren aurrean atzo egindako agerraldian adierazi zuenez, 19 miaketa egin zituzten Brusela eskualdean eta hiru Charleroi eskualdean, igande honetan terrorismoaren aurka egin dituzten operazioetan.
Aipatutako operazioetan 16 pertsona atzeman zituzten, baina horien artean ez dago Salah Abdeslam, Parisko atentatuen ondoren ihes eginda dabilena.
Terrorismoaren aurkako operazioak Belgikan: Argazkia EFE
Molenbeek auzoan, pertsona bat auto batean ihes egiten saiatu zen, polizien aurka eginez, eta poliziek tiro egin zioten. Hasiera batean bere helburua lortu zuen, baina Bruselan atzeman zuten geroago. Ez dute jakitera eman zergatik ahalegindu zen ihes egiten.
Oraingoz, ez dute ez armarik ez lehergairik aurkitu, baina, Fiskaltzak jakinarazi duenez, ez dute operazioa bukatutzat jo.