Mundua -

Bilera Parisen

Cameron: 'Erresuma Batuak ere bonbardatu beharko luke Siria'

Frantziak Estatu Islamikoaren kontra hartutako jarrera babesten duela esan du lehen ministro britainiarrak, eta ahal duen guztian lagunduko diola hitzeman du.

ISISen kontrako gerran, Cameron, Hollandi laguntzeko prest

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak astelehen honetan Parisen esan duenez, Erresuma Batuak ere parte hartu beharko luke Estatu Islamikoaren kontrako borrokan Frantzia eta beste aliatu batzuk Sirian egiten ari diren bonbardaketetan.

"Asteon bertan Estatu Islamikoari aurre egiteko nire estrategia aurkeztuko du Parlamentuan", iragarri du Cameronek Francois Hollande Frantziako presidentearekin batera eskainitako prentsaurrekoan.

"Hollande presidenteak Estatu Islamikoa kolpatzeko egindako hautua babesten dut, eta uste dut Erresuma Batuak ere berdintsu jokatu beharko lukeela", adierazi du Cameronek.

Lehen ministro britainiarraren esanetan, Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuen informazioa Frantziarekin eta Europako beste herrialdeekin partekatzeko eginahalak egingo ditu aurrerantzean. "Ahal dugun guztia egingo dugu gure Frantziako lagunei laguntzeko", azaldu du.

Hollande: 'Estatu Islamikoa suntsitzea da helburua'

Hollandek jakinarazi duenez, Frantziak indartu egingo ditu Sirian Estatu Islamikoak dituen gotorlekuen kontrako bonbardaketak. "Areagotu egingo ditugu bonbardaketak, eta terrorista talde horri min gehien egiten dioten jomugak aukeratuko ditugu", esan du.

Frantziako presidenteak Cameronekin abiatu du hainbat herrialdetako agintarirekin asteon egingo duen maratoi diplomatikoa. Besteak beste, AEBko, Errusiako, Alemaniako, EBko eta NBEko buruzagiekin bilduko da. Hollanderen hitzetan, "Estatu Islamikoa suntsitzea da helburua, eta horretarako bonbardaketak ahalik eta eraginkorrenak izan behar dira".

EBko Barne eta Justizia ministroek barne mugen kontrola areagotu eta armen trafikoa desagerrarazteko lortutako akordioak ere aipatu ditu Frantziako agintariak.

"Gure herrialdera etortzen diren lagunak ekintza terroristen konplize ez direla jakin behar dugu. Horretarako, Europar Batasunerako sarreretan ondo egin behar dira egiaztapenak", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua bideoak Frantzia berriak François Hollande argazkiak David Cameron bideoak