Mundua -
Atentatu arriskuagatik
Alerta maila goreneko 3. eguna Bruselan; lehendabiziko laneguna
Bien bitartean, zabalik dago operazio antiterrorista. Belgikako Barne ministroaren esanetan, 'operazioa ez da amaitu oraindik, jarraitu egin behar du'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alerta maila goreneko hirugarren eguna da gaurkoa Bruselan, lehendabiziko laneguna Belgikako agintariek larunbatean alerta maila gorena ezarri zutenetik berehalako atentatu bat izateko arriskuagatik. Bien bitartean, Belgikan irekitako operazio antiterrorista zabalik dago Jan Jambon Belgikako Barne ministroaren arabera.
"Lana ez dago amaituta", adierazi die Jambonek VRT eta RTBF telebista kateei bart gauean hasitako sarekadaren harira. Jambonek nabarmendu du operazioa ez dela amaitu oraindik eta jarraitu egin behar duela. "Aurrera egiten ari gara, eta jarraitu egingo dugu datozen ordu eta egunetan. Ez dut ikerketari buruzko inolako xehetasunik emango, ezta Salah Abdeslam non bilatzen ari garen ere", zehaztu du. Salah Abdeslamek Parisko atentatuen ondoren ihes egitea lortu zuen eta haren bila ari dira.
16 lagun atxilotu dituzte igande honetan terrorismoaren kontra Belgikako hainbat tokitan egindako polizia operazioetan. Atxilotuen artean ez dago Salah Abdeslam, Parisko atentatuen ondoren ihes eginda dabilena. Atxilotuak gaur pasatuko dira epailearen aurretik eta orduan jakingo dira aske geldituko diren ala ez. Dena den, polizia miaketetan ez dute ez lehergairik ezta armarik aurkitu ere.
Belgikako Barne ministroak eskerrak eman dizkie hedabideei igande gauean erakutsitako "diziplinagatik"; izan ere, abian zeuden polizia operazioen berri ez emateko egindako eskaria errespetatu egin zuten.
Metroa eta hezkuntza zentroak -haur-eskoletatik hasi eta unibertsitateetaraino- itxita egongo badira ere, bizitzak aurrera jarraitu behar duela iritzi dio Jambonek.
Metroaren itxieraz gain, trenak ez dira geldituko Bruselako Schuman (Europako auzoa), Brusela-Mendebaldea, Merode eta Delta geltokietan. Gainera, Namur eskualdean eta Hainauteko probintzietan greba deitua dute eta zerbitzua murriztu egingo da.
Bestalde, Valoniako TEC enpresako autobusak normaltasunez ibiliko dira gaur, Tournaiko eskualdean izan ezik -han garraio guztiak geldirik daude-. Gainera, mehatxu terroristaren aurrean, Flandriako eskualdeko De Lijn enpresako hainbat autobus gidari ez dira lanera joan gaur Brabante probintzian eta horrek hainbat arazo sortu ditu.