Mundua -
Parisko atentatuak
Obama: 'EIko kideak sare sozial sendoak dituzten hiltzaileak dira'
Presidente estatubatuarrak Estatu Islamikoa osatzen dutenak 'sare sozial sendoak dituzten hiltzaileak' direla esan du. Beldurrik gabe haien aurka ekingo dutela eta garaituko dituztela adierazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Barack Obama presidente estatubatuarrak Estatu Islamikoa osatzen dutenak "sare sozial onak dituzten hiltzaileak’ direla esan du. Beldurrik gabe haien aurka ekingo dutela eta garaituko dituztela adierazi du. "Borroka eginez garaituko ditugu. Ez ditugu gure erakundeak, gure kultura eta gure balioak aldatuko", esan du Obamak Kuala Lumpurren eskaini duen prentsaurrekoa. ASEAN Asia hego-ekialdeko goi-bileran parte hartzen ari da Obama.
Estatu Islamikoaren aurka Sirian eta Iraken abiatutako estrategia lurraldea berreskuratzea, finantziazioa etetea eta jihadisten zuzendaritza desegitea da.
"Estatu Islamikoaren aurka borroka egiteko modurik eraginkorrena haien beldur ez izatea da. Hiltzaile talde bat da", esan du Obamak, Etxe Zuriak zuzenean eskaini duen agerraldian.
Egipton, Parisen, Libanon eta Malin izandako atentatuek ASEANen agendan eragina izan dute. Hain justu, Txina, Australia, Hego Korea eta Indiako agintariak bertaratu dira.
Siriako presidenteari bakea lortzeko oztopoa dela esan dio Omabak, eta Errusiari mezu argia bidali dio: Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketa egitea, Siriako oposizio moderatuaren aurka egin beharrean. "Gu gara indartsuenak, gizartearen %99 ordezkatzen dugulako", nabarmendu du.
Errusiaren erantzuna
AEBko presidente Barack Obamak plazaratutako kritikei erantzun die Errusiako lehen ministro Dmitri Medvedevek, eta Amerikako Estatu Batuak berak Estatu Islamikoa sendotu duela gaineratu du.
"Estatu Islamikoa indartsua bada, AEBko politika arduragabeari esker izan da, besteak beste", esan du Medvedevek Malaysiako hiriburuan, Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkartearen goi-bileraren ostean.
Buruzagi errusiarrak adierazi duenez, "indar guztiak terrorismoaren aurkako borrokan jarri beharrean, Bachar al Asad Siriako presidente legitimoaren kontra borroka egitea aukeratu zuten AEBk eta euren aliatuek".
"Arrazoizko politika batek agintari legitimoak babestu beharko lituzke, estatu-segurtasuna bermatzeko asmoz, eta ez guztia zapuztu", esan du. Izan ere, "Al Kaida sendotzearen ondorioz, 2001eko irailaren 11an izandako tragedia bizi zuen AEBk ".