Mundua -
Parisko atentatuak
Parisko atentatuen gisakoak izateko arriskuaz ohartarazi du Belgikak
Arriskua 'handia' dela ikusita, Charles Michel Belgikako lehen ministroaren gobernuak alerta maila gorenera igo du Brusela hiriburuan eta Vilvorse herrian.
Agentziak | Erredakzioa
Belgikako Gobernuak gorenera igo du alerta maila Brusela hiriburuan, "Parisko atentatuen gisakoak" izateko arriskua handia dela ikusita. Hala azaldu du Charles Michel Belgikako lehen ministroak kazetarien aurrean.
Belgikako Segurtasun Kontseiluak presazko bilera egin du gaur goizean eta horren ondoren Michelek aitortu du kontrol guztiak indartu dituztela, "hainbat lagunek hainbat tokitan" atentatua egiteko "mehatxua" tarteko.
"Segurtasun aginduak errespetatzeko eta komunikabide ofizialen bidez informazioa jasotzeko gomendatzen diegu herritarrei", adierazi du Michelek agerraldi publiko batean. Gainera, zehaztu du Brusela hiriburua eta Vilvorse herria laugarren alerta mailan daudela (maila gorena) eta gainerako lurraldea, ostera, hirugarren alerta mailan.
"Segurtasun arrazoiak" argudiatuta, Michelek ez du zabalik dauden ikerketen inguruko xehetasunik edota segurtasun neurriak indartzeko izan dituzten arrazoien berri eman nahi izan.
Gainera, Brusela metropoliaren inguruetan jende-pilaketak saihestea gomendatu du Belgikako Gobernuak; hala nola, geltokiak, aireportuak edota musika eta kirol ekitaldiak. Bruselako metroa itxita egongo da igande arratsaldeko hirurak arte, mehatxu terrorista tarteko, Gobernuak alerta maila gorenera igo ostean. Bruselako Garraio Zerbitzuaren iturrien arabera, bihar egoeraren ebaluazioa egingo dute.
"Zaintzan" egoteko, baina "beldur" egoeran ez erortZeko ere eskatu die Michelek herritarrei. Gainera, "zurrumurruei" jaramonik ez egiteko eskaria ere egin die.
Bestalde, Dernière Heure egunkariak aipatutako iturrien arabera, produktu kimikoak eta lehergaiak topatu dituzte ostiral honetan Bruselako Molenbeek auzoan egindako polizia operazio batean.
Belgikar bat atxilotuta, Parisko atentatuekin zerikusia duelakoan
Turkiako Poliziak Ahmed Dahmani herritar belgikarra hartu du atxilo, Parisko atentatuetan parte hartu zuelakoan, Hürriyet kazetak jakinarazi duenez.
Dahmanik 26 urte ditu eta jatorri marokoarrekoa da. Poliziaren arabera, Frantziatik Turkia hegoaldera, Antalyara bidaiatu zuen, ustez Siriara ihes egiteko asmoz, baina Manavgaten hartu dute atxilo beste bi lagunekin batera.
Antalyako aireportura iritsi eta berehala zelatatu du Poliziak ustezko ekintzailea. Handik ekialdera, Manavgatera. joan da atxilotua, eta bost izarreko hotel batean eman du gaua.
Siriako 23 eta 29 urteko bi bizilagunekin batera auto batean bidaiatzen ari zela atxilotu du Polizia belgikarrak Dahmani. Pasaporte faltsuak eta dirua zeramatzaten, ustez Siriara joateko. Epailearen aurrera eraman dituzte hiru atxilotuak eta badaezpadako espetxealdia agindu du honek.
Dahmani Estatu Islamikoaren ustezko kidea dela eta Parisen atentatuak egiteko lekuak aztertzen aritu zela argitaratu du Hürriyet egunkariak.