Mundua -
Parisko atentatua
Metro zerbitzua eten dute Bruselan, atentatu terroristen beldur
Krisia zentroak Bruselako 19 barrutietako administrazio agintariei jendea pilatzen duten ekitaldiak bertan behera uzteko eskatu die.
Agentziak | Erredakzioa
Metro zerbitzua bertan behera utzi dute gaur Belgikako hiriburuan, atentatu terroristen mehatxua handia dela eta. Hain justu, 3tik 4ra igo dute alerta maila, krisiak koordinatzeko zentro belgikarrak jakinarazi duenez.
SITB Bruselako Garraio Elkarteak adierazi duenez, metro zerbitzua eten egingo dute 24 orduz, baina autobusak ohi bezala ibiliko dira. Hain zuzen ere, hilaren 21etik azaroaren 22ra zirkulazioa etetea aholkatu dio Bruselako Gobernuari krisi zentroak.
Krisia zentroak Bruselako 19 barrutietako administrazio agintariei jendea pilatzen duten ekitaldiak bertan behera uzteko eskatu die. Halaber, herritarrei dei egin die jende andana biltzen den tokietara hurbil ez daitezen.
Kirolari dagokionez, lehen eta bigarren mailako futbol partidak bertan behera uzteko gomendatu dute, baina oraingoz ez dute erabakiaren berri eman. Bruselako kaleetan polizien eta militarren kopurua handitzea aholkatu dute.
Ocam Arriskuak aztertzen dituen koordinazio lantaldeak egindako ikerketaren ondoren hartu dute alerta maila handitzeko erabakia. Orain arte bi aldiz hartu da aparteko neurriak martxan jartzeko erabakia. Izan ere, mehatxu larria eta berehalakoa dagoela uste dute agintariek, eta horren aurrean segurtasun neurri zorrotzak eta herritarrei bideratutako aholku zehatzak hartzeko beharra ikusi dute agintariek.