Mundua -
Parisko atentatuak
Valls: 'Terrorista batzuk errefuxiatuen krisiaz baliatu dira'
Lehen ministro frantziarrak esan du ez dakitela Abdelhamid Abaaoud nola sartu zen Frantzian eta ezin duela baztertu talde jihadista gehiago atentatuak egiteko prest egotea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak esan du ostiralean Parisen izan ziren erasoen egileetako batzuek errefuxiatuen krisia baliatu zutela Frantzian sartzeko.
“Pertsona horiek errefuxiatuen krisia baliatu dute, kaosa aprobetxatuta Frantzian sartzeko”, adierazi du France 2 telebistan egindako elkarrizketan.
Ildo berean, errefuxiatuen auzia bideratu behar dela azpimarratu du: “Lehendabizi konponbide militarra eta politikoa bilatu behar dugu Sirian. Gure etsaia Estatu Islamikoa da. Hori da gure lehentasuna epe labur eta ertainean”.
Gainera, Vallsek gogora ekarri du erasotzaile gehienak Belgikan eta Frantzian zeudela errefuxiatuen krisia hasi aurretik.
Lehen ministroak aitortu du ez dakitela Abdelhamid Abaaoud nola sartu zen Frantzian, baina abian jarritako ikerketak datu hori argituko duen itxaropena agertu du.
Era berean, Salah Abdeslam non egon daitekeen ez dakitela onartu du. Bataclan kontzertu-aretoan eraso egin zuten jihadistek erabili zuten ibilgailua berak alokatu zuela uste du Poliziak.
Bestalde, Manuel Vallsek esan du ezin dutela baztertu Parisen atentatuak egin zituzten ekintzaileei lotutako talde gehiago egotea, eta “mehatxu terrorista luzerako” dela ohartarazi du.
“Ez dakigu talde gehiagorik ote dagoen, baina imajinatu dezakegu. Mehatxua luzea eta iraunkorra izango da. Arriskurik ez dagoela esango banu, gezurretan ariko nintzateke”, erantsi du.