Mundua -
Parisko atentatuak
Dagoeneko identifikatu dituzte ostiralean Parisen hildako 129 lagunak
Bien bitartean, 50 bat zaurituk larri jarraitzen omen dute ospitalean. 33 pertsona atxilotu eta 296 miaketa egin dituzte.
agentziak | erredakzioa
Dagoeneko identifikatu dituzte ostiralean Parisko atentatuetan hildako 129 lagunak, eta 100 bat familiek jaso dituzte jada senideen gorpuak, Frantziako Gobernuak jakitera eman duenez.
Azken balantzearen arabera, Osasun Ministerioak jakinarazi du 50 bat zaurituk larri jarraitzen omen dute ospitalean.
Frantziako Gobernuak Ministroen Kontseiluaren bileraren laburpenean jakinarazi du Fiskaltzak aste honetan bertan amaitu nahi dituela autopsiak.
Era berean, ministroek berretsi dute atentatuak "gerra ekintza nazkagarriak" izan direla, eta "jasotako erasoaren pareko erantzun irmoa" eskatzen duela.
60 atxiloketa hiru egunean
Segurtasun Indarrek 25 pertsona atxilotu, eta 118 miaketa egin dituzte gaur goizaldean Frantzian, herrialde horretako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Operazio horietan, gainera, 34 arma atzeman dituzte.
Guztira, François Hollande presidenteak larrialdi egoera ezarri zuenetik, 60 pertsona eta 75 arma atzeman dituzte, 414 miaketatan.
Gaur bertan, Poliziak operazioa egin du Saint Denisen, eta, bertan, zazpi pertsona atxilotu dituzte, eta bi pertsona hil dira, tartean bere burua eztandarazi duen emakumezko bat.
Bestalde, atentatuen gauean segurtasun indarretako 4.130 agente mobilizatu zituzten, tartean 2.500 polizia eta 590 militar.
Ordutik, 58.000 polizia eta 50.000 jendarme jarri dituzte lanean, bai ikerketa-lanean, bai estatuaren eta mugen segurtasuna bermatzeko.
Era berean, Frantziako hiri nagusietako kaleak zaintzeko militarren kopurua handitu dute, eta 10.000 dira lan horretan dihardutenak.