Mundua -
Parisko atentatuak
Bi hildako eta 8 atxilotu sarekada erraldoi batean, Saint Denisen
Abdelhamid Abaaoud ostiraleko erasoen ustezko egile intelektuala atxilotzeko helburua zuen operazioak, baina hori ez dago atzemandakoen artean.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako segurtasun indarrek operazioa egin dute Saint-Denisen, Paris kanpoaldean. Tiroketa bat izan da goizaldean, Le Monde egunkariak jakitera eman duenez.
Abdelhamid Abaaoud ostiraleko erasoen ustezko egile intelektuala atxilotzeko asmoz abiatu dute operazioa, baina ez dute lortu hura atzematea.
Bost polizia zauritu dira eta emakume batek bere buruaz beste egin du Poliziaren eta ustezko terroristen arteko tiroketetan, Parisko Fiskaltzak baieztatu duenez. Gainera, zortzi pertsona atxilotu dituzte.
Abaaoud etxebizitzan zegoela uste zuten, eta horregatik operazioa martxan jarri dute, Francois Molins Pariseko fiskalak agerraldi labur batean azaldu duenez. Hala ere, atentatuen ustezko egile intelektualaren presentzia baieztatzerik ez dagoela zehaztu du. Momentuz atxilotuen nortasunaren berri ematea ?ezinezkoa? dela gaineratu du.
Fiskalaren esanetan, bere buruaz beste egin duen emakumeaz gain, beste pertsona bat hil dute segurtasun indarrek etxe barruan. Bi pertsona bertan atxilotu dituzte, ?hondakinen artean ezkutatzen saiatzen ari zirenean?. Atxilotuen artean, ustezko terroristei ?ostatu eman dien gizona? eta beste emakume bat daude.
Operazioan parte hartu duten poliziak zoriondu ditu Bernard Cazeneuve Barne ministroak. Agintariaren ahotan, ?orain arte aurkitu ez dituzten baldintzetan tiro egin diete eta ausart jokatu dute?. Saint Deniseko herritarren ?lasaitasuna? goraipatu du ministroak.
Fiskaltzak baieztatu duenez, emakumeak soinean zeraman gerriko bat zartarazi du. Emakumea operazioaren helburua zen etxebizitzan zegoela zehaztu du Fiskaltzak agiri batean. ?Lehergailuen gerrikoa Poliziak erasoa hasi duenean zartarazi? duela azaldu du ikerketako arduradunak.
Stephane de Foll Frantziako Gobernuaren bozeramaileak operazioa amaitutzat jo du. De Follen hitzetan, Saint Deniseko operazioa ?erabakigarria izan da eta larrialdi-egoerari esker gauez egin ahal izan dute?.
Bere burua eztandarazi duen emakumezkoa Parisko atentatuen buruaren lehengusia zen, 26 urte zituen eta frantziarra zen, BFM telebista kateak jakinarazi duenez.
Antza denez, bere burua eztandarazi baino lehen, dei bat egin zuen telefonoz. Horrenbestez, norbait ohartarazi zuela uste dute ikertzaileek.
Atxilotuak eraso bat prestatzen ari ziren
Atxilotuak Parisko La Defense auzoaren aurkako atentatu bat prestatzen ari ziren, ikerketako iturri batek Reuters albiste-agentziari jakitera eman dionez. Parisko finantzen bihotza da auzo hori.
?Beste eraso bat prestatzen ari ziren terroristak bilatzen ari ziren segurtasun indarrak, SDATeko (Terrorismoaren Aurkako Zuzendariordetza) eta nazioarteko informazioaren arabera?, ziurtatu du iturriak. ?La Defenseren aurkako eraso bat prestatzen ari zen talde berria?, nabarmendu du.
Abdelhamid Abaaoud harrapatzeko operazioa Saint-Denisen. Argazkia: EFE
Goizaldean
Tiroak eta leherketak 03:30 aldera hasi dira, eta orduak iraun du, lekukoen hitzetan. Ostiralean Parisen egindako atentatuekin zerikusia du operazioak.
Tiroketa 06:00ak aldera bukatu da, baina helikopteroek zonaldearen gainetik hegan egiten jarraitzen dute.
Sarekada Saint-Denis erdialdean egiten ari dira, Paris kanpoaldean. Frantziako Estadioa futbol-zelaia bertan dago, eta ostiralean hiru terroristek erasoa egin zuten bertan, Frantzia eta Alemaniako selekzioak lagunarteko norgehiagoka jokatzen ari ziren bitartean. Euren buruaz beste egin zuten zelai horren inguruetan.
Tiroketak Jean Jaures plazaren alboan gertatu dira, hiriko basilika historikotik oso gertu. Frantziako errege batzuk bertan ehortzita daude.
Didier Paillard Saint-Denisko alkateak etxetik ez ateratzeko eskatu die hiriaren erdialdean bizi diren herritarrei.
Lekuko baten esanetan, lehenengo tiro bakarra entzun dute, eta berehala hasi da tiroketa. Leherketak ere entzun dira.
Salah Abdeslam ustez ihes egiteko erabiltzen ari den Citroen Xsara baten berri eman du Frantziak
Bestalde, Salah Abdeslam ustez ihes egiteko erabiltzen ari den Citroen Xsara baten berri eman dute Frantziako buruzagiek. Europako polizia guztiei abisua eman diete mugetan kontuan izateko.
Gainera, Ismail Mostefai eta Sami Amimour suiziden senitartekoak aske utzi dituzte galdekatu ondoren.