Mundua -
Atentatuak Parisen
Atentatuetan 9 lagunek hartu zuten parte, bideo batek erakutsi duenez
Bestalde, Frantziako Poliziak kamikazeetako baten argazkia zabaldu du, identifikazio lanetan laguntzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bideo batek agerian utzi du Parisko atentatuetan bederatzi terroristak hartu zutela parte. Horrenbestez, bi dira, eta ez bat, ihes eginda dauden pertsonak.
Oraingoz ez dago argi nor den bederatzigarren pertsona hori, ezta zer-nolako parte-hartzea izan duen erasootan, Le Figaro egunkariak jakinarazi duenez. Aipatutako bideoan, Seat beltz baten barruan agertzen da.
Hainbat lekukoren testigantzek ere berretsi dute bederatzi izan zirela atentatuen egileak.
Bederatzigarren terrorista Voltaire bulebarreko jatetxe batean egon zen Ibrahim Abdeslam (bere buruaz beste egin zuen gero) eta Salah Abdeslam anaiekin.
Seat beltza larunbatean atzeman zuten, Montreuil herrian, Paris ondoan. Barruan, hiru Kalashnikov fusil zeuden.
Ihes eginda dagoen beste terrorista Salah Abdeslam da. Horrek alokatu omen zuen Bataclan aretoko sarraskiaren egileek Belgikatik Parisera joateko erabili zuten autoa.
Poliziak laguntza eskatu du kamikaze bat identifikatzeko
Frantziako Polizia Nazionalak aurreko ostiralean Frantziako Estadioaren ondoan bere burua zartarazi omen zuen kamikaze baten irudia zabaldu du, eta hura identifikatzeko laguntza eskatu die herritarrei.
Orain arte, bost terrorista identifikatuko dituzte, denak frantziarrak: lauk bere buruaz beste egin zuten (Samy Amimour, 28 urtekoa; Omar Ismail Mostefai, 29; Bilal Hadfi, 20 urte, eta Ibrahim Abdeslam, 31). Salah Abdeslam Belgikan bizi zen 26 urteko frantziarraren bila dabiltza oraindik.
Bestalde, terroristetako hiru ez dituzte oraindik identifikatu: Bataclan aretoaren aurkako atentatuan parte hartu zuenetako bat, Poliziaren erasoaldian hil zena, eta Frantziako Estadioko bi kamikaze (horietako bati Siriako pasaportea atzeman zioten).
Gainera, ikertzaileen arabera, baliteke beste erasotzaile batek ere parte hartu izana erasoetan, Frantziako hedabideek plazaratu dutenez.