Mundua -

Egipton eroritako hegazkina

Errusiak aitortu du Sinain gertatutakoa atentatua izan zela

Lehergai arrastoak topatu dituzte hegazkinaren hondakinen artean. Sirian bonbardaketak areagotu eta erasoaren erantzuleak bilatu eta atxilotu egingo dituela agindu du Putinek.

224 lagun zihoazen Sinain amildutako hegazkinean. EFE
Errusiak aitortu du Sinain gertatutakoa atentatua izan zela

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barruan 224 pertsona zeramatzala Egipton, Sinai eskualdean, amildu zen Airbus A-321 hegazkinak lehergailua zeraman sotoan, eta hura zartarazita erori zen. Urriaren 31n gertatutakoa atentatua izan zela aitortu du gaur Errusiak, hainbat astez ukatzen ibili ondoren.

"1,5 kilo trilita zeraman lehergailu bat zartarazi zuten. Ondorioz, airean deuseztatu zen hegazkina", jakinarazi du Alexander Bortnikov Errusiako Informazio Zerbitzu Federaleko buruak.

Informazio Zerbitzuak baieztatu duenez, lehergai arrastoak topatu dituzte hegazkinaren hondakinen artean. Ondorioz, istripuaren hipotesia erabat baztertu du Errusiak.

Putin: "Bonbardaketak areagotu egingo ditugu"

Sinaikoa atentatua izan zela jakin bezain pronto egin ditu Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazpenak. Horren esanetan, eginahalak egingo ditu eraso terroristaren erantzuleak topatu, atxilotu eta zigortzeko.

"Munduko edozein txokotan daudela ere, bilatu eta aurkituko ditugu", iragarri du Putinek. "Sinain gure herrikideen kontra egindakoa krimen odoltsuenetako bat da, biktima kopuruari dagokionez. Ez ditugu malkoak kenduko gure arima eta bihotzetatik. Han geratuko dira betiko. Baina hori gorabehera, errudunak aurkitu eta zigortu egingo ditugu", ohartarazi du.

Era berean, Sirian Estatu Islamikoaren kontra egiten ari diren bonbardaketak gogortu egingo dituela ere iragarri du Errusiako presidenteak.

"Sirian gure gerra-hegazkinak egiten ari diren lana ezin da gelditu. Alderantziz, gogortu egin behar dugu, gaizkileek mendekua saihestezina dela uler dezaten", esan du Putinek.

A-321 hegazkina aireratu eta minutu gutxira amildu zen Xarm el-Xeikh Egiptoko hirian.

Atxiloketak

Hain justu, gertatutakoa atentatua izan zela baieztatu eta gutxira, Xarm el-Xeikh hiriko aireportuko bi langile atxilotu ditu Egiptoko Poliziak, hegazkinean bonba jartzeko lanetan lagundu zutelakoan. Reuters albiste-agentziak eman du atxiloketen berri, segurtasun-indarren iturriak aipatuta.

"17 lagun daude atxilotuta, eta horien artean bi bonba abioian jarri zutenei laguntzearen susmagarri dira", erantsi dute iturrietako batzuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusia albisteak Atentatuak argazkiak