Mundua -
Atentatuak Parisen
Errefuxiatuenganako elkartasuna eskatu du NBEk, Parisko erasoen ostean
Bestalde, Marine Le Pen ultraeskuindarrak Frantziak etorkin gehiagorik ez hartzea eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parisko atentatuen ostean, errefuxiatuen kontrako erreakzioak baztertzeko eta haienganako elkartasuna bultzatzeko eskatu du Nazio Batuen Erakundeak.
“Ulergarria da herrialde ezberdinek neurriak hartzea edozein terrorismo ekintzaren aurrean babestuta egoteko, baina neurri horiek ezin daitezke errefuxiatuengan oinarrituta egon, indarkeriatik ihesi doazen herritarrak direlako”, adierazi du Stephane Dujarric NBEren bozeramaileak.
“Errefuxiatuen krisiaren aurrean errukia eta enpatia erakutsi behar dugu; ezin dugu ahaztu Parisen sarraskia eragin duen Estatu Islamikoarengandik ari direla ihesi”, azpimarratu du.
Horrez gain, nazioarteko agintariek Siriako gatazkari amaiera emateko lan egin behar dutela adierazi du.
Le Pen, errefuxiatuak hartzearen aurka
Bestalde, Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruzagi ultraeskuindarrak Frantziak errefuxiatu gehiago ez hartzeko eskatu du.
Parisko atentatuen egileetako bat ustez siriarra dela eta Europara Greziatik sartu omen zela zabaldu ondoren egin ditu adierazpenok.
“Badaezpadako neurri moduan, Frantziak errefuxiatuak hartzeari eta gure herri eta hirietan banatzeari utzi behar dio”, esan du agiri baten bidez.
Ildo horretan, AEBtako bederatzi estatuk uko egin diote Siriatik iritsitako iheslariak hartzeari, gobernadoreek iragarri dutenez.
Alderdi Errepublikanoak zuzendutako estatuak dira: Alabama, Arkansas, Illinois, Indiana, Luisiana, Michigan, Misisipi, Massachusetts eta Texas.
Barack Obama AEBtako presidenteak segurtasun kontrolak areagotzearen alde egin du, baina errefuxiatuek sarrera ukatzearen kontra agertu da, “nazioarteko komunitatearen baloreak urratzea” izango litzatekeelako.
Era berean, etorkinak hartzeko edo ez irizpide erlijiosoak erabiltzearen aurka egin du.
“Ez dugu ahaztu errefuxiatu asko eta asko direla terrorismoaren biktimak eta horregatik ari direla ihesean. Errefuxiatuei atea ixtea gure baloreei traizio egitea da”, nabarmendu du.