Mundua -

G20a, Turkian

G20a Turkian dago bilduta, baina begirada Frantzian jarrita

Batzarretik bertatik, Jean-Claude Junckerrek Pariseko atentatuen erantzuleak kriminalak direla ohartarazi du, ez errefuxiatuak.

G20aren bilera, Parisko atentatuek baldintzatua

1:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G20a Turkiako Antalya hirian dago gaur bilduta, eta, bertan bereziki jorratuko du nazioarteko terrorismoaren arazoa, ostiral gauean Parisen izan zen atentatu-oldearen ostean, 129 hildako eta 300 zauritu baino gehiago eragin zituena.

Aipatutako bileran parte hartu aurretik, Donald Tusk Kontseilu Europarraren presidenteak adierazi du gaurkoa ezin daitekeela beste bilera bat izan, ekintzetara pasatzeko unea baita. "Frantziak egintzak itxaroten ditu. Terrorismoaren kontra gure erabateko sendotasuna adierazi behar dugu", gaineratu du.

Errefuxiatuen krisiaren gainean, azaldu du garaia dela krisi globala dela onartzeko, erantzun globala eskatzen duena. Egoera horren aurrean, "G20ko buruei eskatzen diegu erantzun globala har dezatela", esan du.

"Pariseko atentatuen erantzuleak kriminalak dira, ez errefuxiatuak"

Bere aldetik, eta Turkiatik bertatik, Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen presidenteak ohartarazi duenez, "ez da bidezkoa ostiralean izandako atentatuak eta Europara heltzen ari diren errefuxiatuei egoztea".

"Pariseko atentatuen erantzuleak kriminalak dira, ez errefuxiatuak", adierazi du Junckerrek, eta azpimarratu egin du terrorista horiek direla, hain zuzen ere, errefuxiatuak Europara ihes egiteko arrazoia.

Junckerrek Europara datozen pertsonek dituzten kategorien artean nahasketarik ez egitea eskatu die; ondorioz, Europar Batasuneko Estatuburuak eta Gobernuburuak "gonbidatu" ditu ez daitezela saiatu adostutako migrazio-estrategian aldaketak egiten.

Luxenburgoko politikariak zehaztu ez badu ere, bere hitz horiek Polonia eta Eslovakiak errefuxiatuak birkokatzeko planak dituen ustezko arriskuen kontra agertu ostean datoz.

AEBren eta Turkiaren arteko akordioa

AEBko eta Turkiako presidenteak (Barack Obama eta Recep Tayyip Erdogan, hurrenez hurren) Parisen izandako atentatuen erantzuleak harrapatzeko konpromisoa agertu dute, G20ko bileraren aurretik elkarrekin egin duten topaketan.

"Frantziako herriari eta François Hollande presidenteari adierazi diegunez, euren aldamenean gaude krimen horren erantzuleak atzemateko eta justiziaren aurrera eramateko", adierazi du Obamack Erdoganekin batera eman duen prentsaurrekoan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Zer gertatu da Parisen? Barack Obama argazkiak Frantzia argazkiak Albisteak Turkia