Mundua -
ATENTATUAK PARISEN
100 pertsona baino gehiago hil dituzte Parisen hainbat erasotan
François Hollandek salbuespen-egoera ezarri du, Frantziako muga guztiak itxi ditu eta Armada kalera atera du.
EITB.EUS
100 pertsona baino gehiago hil dituzte bart Parisen, aldi berean egindako hainbat erasotan.
Erasoak 22:00ak inguruan hasi dira, gizonezko armatuak Paris erdiguneko jatetxe batzuetako terrazetan zeuden pertsonen aurka tiroka hasi direnean.
Eraso larriena Bataclan kontzertu aretoan gertatu da, Paris erdigunean. Hiru gizonezko tiroka sartu dira eta hainbat lagun atxikita izan dituzte. 01:00a aldera, Poliziaren unitate berezia bertara sartu da, ustezko erasotzaileak hil ditu eta hainbat lagun askatu ditu. Alabaina, Polizia bertaratu denean 100 bat hilotz topatu ditu.
Lekuko batzuen arabera, aretoan leherketak izan dira eta erasotzaileetako batek “Ala handia da” oihukatu du.
Gainera, Frantzia eta Alemaniako futbol selekzioen arteko partida jokatzen ari zen estadiotik ere entzun dira leherketak. François Hollande Frantziako presidentea bertan zen, eta berehala eraman dute bertatik. Zelaia itxi egin dute, eta ikusleek barruan geratu behar izan dute estadioaren inguruan arriskurik ez zegoela baieztatu arte.
Erasoak Parisko bost tokitan jazo dira: Frantziako Estadioan, Bataclan aretoan, Le Petit Cambodge jatetxean, Bonne Biere lokalean eta Le Carillo tabernan.
Hori horrela, Hollandek ezohiko ministroen bilera deitu du gauerdian. Frantziako Gobernuak salbuespen-egoera ezarri, mugak itxi ditu Frantziako Armadako 1.500 soldadu atera ditu kaleetara.
Hollandek azpimarratu du Frantzian “inoiz izandako atentaturik larriena” izan dela.
Bestalde, larunbatean Parisko ikastetxeak, unibertsitateak eta metro-geltokiak itxita egon dira.
Poliziak hainbat gomendio eman dizkie herritarrei; besteak beste, etxean geratzeko eta kalera ez ateratzeko aholkatu die.