Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Kroaziako mugan hesia altxatzen hasi da Eslovenia
Esloveniako lehen ministroaren arabera, behin-behineko hesia izango da, errefuxiatuak "kontrolik gabe sar ez daitezen".
Agentziak | Erredakzioa
Kroazia eta Eslovenia arteko mugako hainbat gunetan alanbre eta txarrantxa mataza erraldoiak ikus daitezke gaur, Eslovenia errefuxiatu oldeari aurre egiteko neurri gisa gaurtik aurrera altxatu asmo duen hesiaren erakusle.
Obrezje herrian, Zagreb mendebaldean, eta Gibinan, iparralderago dagoen herrian, paratu dituzte aurreneko langak, STA Esloveniako albiste agentziak baieztatu duenez. Baina beste hainbat tokitan ere paratuko dituzte barrerak, poliziaren mugimenduak kontuan hartuta.
670 kilometro luze ditu Eslovenia eta Kroazia arteko mugak. Hesiok 1,8 metroko altuera izango dituzte, TvSlo telebista katearen arabera.
Iheslariak, etengabe heltzen
Bien bitartean, errefuxiatuak etengabe heltzen ari dira Esloveniara. Gaur bertan 2.000 bat heldu dira Kroaziatik etorritako bi trenetan. Atzo, 7.500 iheslari zenbatu zituzten. Dena dela, datozen egunotan handiagoa izango ei da oldea, Greziatik barrena 30.000 errefuxiatu dabiltzala zabaldu baita.
Miro Cerar Esloveniako lehen ministroak atzo azaldu zuenez, hesiak behin-behinekoak izango dira, eta errefuxiatuak "kontrolik gabe sar ez daitezen" altxatuko dituzte. Izan ere, zehaztu zuenez, lagun kopuru "jasangarri" bat hartzeko prest da Eslovenia.
Cerarrek salatu zuenez, hainbat herrialdek ez dituzte EBren baitan hartutako erabakiak errespetatzen, eta Austria eta Alemaniaren kasuak aipatu zituen: eguneko 6.000 bat bakarrik onartzen dituzte.
Austriak ere gaur bertan iragarriko du Spielberg mugan altxatuko duen hesiaren nondik norakoak.