Mundua -

Kosovo

UNESCOren atea itxi diote Kosovori

Kosovok 95 herrialderen aldeko botoa behar zuen UNESCOko kide izatea lortzeko eta hiru boto eskasera gelditu da. Espainiak eta beste 49 herrialdek kontra bozkatu dute.

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen egoitza Parisen. Argazkia: Unesco
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen egoitza Parisen. Argazkia: Unesco
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen egoitza Parisen. Argazkia: Unesco

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundean sartzea ukatu diote Kosovori aipaturiko erakundea osatzen duten herrialdeek. Bozketa oso estua izan da; izan ere, helburua lortzeko hiru boto eskasera gelditu da Balkanetako herrialdea. Guztira, 50 herrialdek bozkatu dute kontra, tartean, Espainiak.

Kosovok 2008ko otsailean aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen eta, geroztik, Nazio Batuen Erakundeko 111 herrialdek Kosovoren independentzia onartu dute. Kosovok nazioarteko erakundeetan sartzeko hainbat saiakera egin izan ditu eta, behin eta berriz, Serbia eta Errusia aurka agertu izan dira.

Urria amaieran, UNESCOren kontseilu exekutiboak argi berdea eman zion Kosovoren sarrerari, baina azken erabakia gaurko konferentzia orokorraren baitan zegoen. Azkenean, Kosovo UNESCOn sartzetik hiru boto eskasera gelditu da.

Zehatz-mehatz esanda, Kosovok 95 herrialderen aldeko botoa behar zuen eta 92 lortu ditu. Botoa eman duten 142 herrialdeetatik 92k alde bozkatu dute, 50ek aurka eta 29 abstenitu egin dira B92 Serbiako irrati kateak berri eman duenez.

UNESCOn sartzeko ez da ezinbesteko baldintza Nazio Batuen Erakundeko kide izatea edota nazioartean aitortza izatea. Serbiaren esanetan, Kosovo UNESCOn sartzeak erakundearen "politizazioa" eta nazioarteko zuzenbidean "urraketa" ekarriko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE albisteak Eguneko albisteak Kosovo albisteak