Mundua -
Egipton erori zen hegazkina
Hegazkina lehergailu batek bota zuela uste dute AEBk eta Europak
Estatu Islamikoak “ekipajean edo hegazkinaren beste toki batean jarritako lehergailu bat izan zela uste dugu”, adierazi du Ameriketako Estatu Batuetako funtzionario batek.
Agentziak | Erredakzioa
Kogalimavia Errusiako airelineako hegazkina Estatu Islamikoak jarritako lehergailu batek airean zartarazi zuela uste dute AEBko eta Europako inteligentzia zerbitzuek, zenbait iturriren arabera. Hegaldia Sinaiko penintsulan erori zen, 224 pertsona zeramatzala.
Estatu Islamikoak edo miliziano beltzekin leiala den beste talde armatu batek “ekipajean edo hegazkinaren beste toki batean jarritako lehergailu bat izan zela uste dugu”, adierazi dio AEBko funtzionario “aditu” batek Barbara Starr CNNko kazetariari.
Beste funtzionario batek informazio hori baieztatu dio NBCri. Lurreko langileren batek lagundu edo bonba hegazkina aireratu baino lehen jarri zuela erantsi du iturri horrek. Bidaiariak eta tripulatzaileak baztertu ditu; izan ere, profilen azterketak ez du lotura terroristarik aurkitu.
Oraindik azterketen emaitza ez dela ofiziala nabarmendu du CNNko iturriak, baina AEBko inteligentzia zerbitzuen susmoa dela azaldu du. Sinaiko ezbeharra gertatu baino lehen eta ondoren bildutako informazioa aztertuta iritsi dira ondorio horretara, horren hitzetan.
Hipotesiari babesa eman dio Europako Inteligentziak
Europako inteligentzia zerbitzuek ere babestu dute erasoaren hipotesia. Horien iturri batek Reuters albiste-agentziari baieztatu dionez, ikerketaren lehen emaitzen arabera, ekintza terrorista bat izan zela uste dute, baina “oraindik ez dago ondorio argirik”, nabarmendu du.
“(Leherketaren eragilea) hegazkinaren barruan zihoan lehergailu bat izatea aukera bat da”, esan du Philip Hammond Erresuma Batuko Atzerri ministroak. David Cameron lehen ministroak premiazko bilera deitu du istripua aztertzeko.
Nahiz eta Errusiako eta Egiptoko agintariek hasiera batean ekintza terrorista baztertu, azken frogak aztertu ostean, ezbeharra “kanpoko ekintza” edo objektu baten eraginez gertatu zela onartu dute.