Mundua -
Vatileaks 2
Apaiz espainiar bat atxilotu dute Vatikanoan dokumentuak osteagatik
Lucio Angel Vallejo Balda eta Francesca Chaouqui italiarra atxilotu eta galdekatu dituzte asteburuan informazio sekretua zabaltzea leporatuta. Italiarra askatu dute dagoeneko.
agentziak | erredakzioa
Lucio Angel Vallejo Balda apaiz espainiarra eta Francesa Chaouqui italiarra atxilotu eta galdekatu dituzte asteburuan, Vatikanoko informazio sekretua zabaltzea leporatuta, Vatikanoak jakitera eman duenez.
Vatikanoaren egitura administratibo-ekonomikoa antolatzeko batzordeko kide izan ziren 2013an, Frantzisko aita santuaren agindupean.
Gian Piero Milano Vatikanoko Justizia arduradunak eta Roberto Zannotti ondokoak baieztatu egin dute atxiloketa, baina Francesca Chaouqui libre geratu dela jakinarazi dute, ikerketan lagundu duenez ez dagoelako atxilotuta izateko arrazoirik ikusten. Hala ere, Vallejo Baldak atxilotuta jarraitzen du.
Vatikanoak gogorarazi du informazio eta txosten sekretuak zabaltzea delitua dela, eta hala jasotzen dela Vatikanoaren IX. Legean. Era berean, iragarritako gertakariak "Frantzisko aita santuak emandako konfiantzaren kontrako traizio larria" direla azaldu du.
Italiako hedabideek berehala jarri diote auziari Vatileaks 2 izena, 2012an Benedikto XVI.aren gutun pribatuak azaleratu zituen eskandaluaren antza duelako.