Mundua -

Hegazkin ezbeharra Egipton

Hegazkina eraitsi duela esan du EIk eta Errusiak gezurtatu egin du

Hala zabaldu du Estatu Islamikoaren Egiptoko Wilayat Sina adarrak, oraindik ere egiaztatzeko dagoen ohar batean. Lehen ikerketen arabera, ez dago hegazkina eraitsia izan den zantzurik.

Metrojet konpainiako hegazkin bat erori da Egiptoko Sinai penintsulan. Argazkia: EiTB
Metrojet konpainiako hegazkin bat erori da Egiptoko Sinai penintsulan. Argazkia: EiTB
Metrojet konpainiako hegazkin bat erori da Egiptoko Sinai penintsulan. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoaren Egiptoko Wilayat Sina adarrak ziurtatu du berak eraitsi duela gaur Egiptoko Sinai penintsulan erori den hegazkin errusiarra, interneten zabaldutako ohar batean. Hala ere, Errusiako Gobernuak informazio hori gezurtatu du.

Agintariek ez dute agiri horren egiazkotasuna baieztatu. Agiri horren arabera, Sinai penintsula igarotzen ari zen Errusiako hegazkin bat lurrera bota dute Wilayat Sina adarreko soldaduek. Hegazkinean 224 lagun zihoazen (217 bidaiari, gehienak errusiarrak eta 7 tripulazioko kide) eta guztiak hil direla uste dute.

Errusiako Garraio Ministerioaren esanetan, "ez dira egiazkoak" Egipton eroritako hegazkina terroristek jaurtitako misil batek bota duela dioten informazioak. Are gehiago, Errusiako agintariek adierazi dute Egiptoko agintariekin harremanetan daudela eta "une honetan ez dago fantasia hori baieztatzen duen informaziorik".

Maxim Sokolov Errusiako Garraio ministroaren esanetan, dagoeneko ezbeharraren lekuan lanean ari dira adituak, eta gutxi barru hasiko da lanean nazioartetik joandako batzordea ere. Ezbeharraren zergatien buruzko txostena egingo du, bertatik bertara bildutako materialak eta datuak aintzat hartuta,

Egiptoko segurtasun indarrek ziurtatu dutenez, ez dago hegazkina eraitsia izan den zantzurik, eta lehen ikerketen arabera, arazo tekniko batek eragin du ezbeharra.

Metrojet Errusiako hegazkin konpainiako Airbus A320 hegazkinak Xarm el-Xeikh (Egipto) hiritik San Petersburgora ibilbidea egin behar zuen eta aireratu eta 23 minutura lurrera erori da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusia Estatu islamiarra berriak Hegazkin istripuak albisteak Gaurko azken ordukoa Egipto gaur Ekialde Hurbileko albisteak