Mundua -
ERREFUXIATUEN KRISIA
'Errefuxiatuak kontrolatzeko ahalmena' eman dio Esloveniak Armadari
Eslovenia eta Kroazia arteko mugan, Esloveniako Armadako soldaduak daude, zaintza lanak egiten; errefuxiatu oldearen aurrean 'segurtasuna bermatzea' da helburua, bertako agintarien esanetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Esloveniako Armadak herrialde horretara sartzen diren errefuxiatuen oldea "kontrolatzeko ahalmena" izango du gaurtik, eta egiteko horretan Poliziari "lagunduko" dio. Hala erabaki du Esloveniako Parlamentuak, Radio Slovenia irrati-kateak jakitera eman duenez. Eslovenia eta Kroazia arteko mugak kontrolatzea eta zaintzea izango da Armadaren zeregina, besteak beste, errefuxiatu oldeari aurre egin ahal izateko.
66 parlamentarik egin dute Armadari ahalmen hori ematearen alde eta bostek egin dute horren kontra, ia bost orduko eztabaidaren ondoren.
Hartutako erabakiaren arabera, "aldi baterako" Armadari "botere gehiago" ematea erabaki da; neurria hiru hilabeterako izango da, gutxi gorabehera, baino badago luzatzeko aukera.
Defentsa Legea aldatzea proposatu zuen atzo Esloveniako Gobernuak, arau horrek jasotzen dituen puntuen artean, Parlamentuak Armadari "zeregin gehigarriak" emateko aukera jasota. Horregatik erabaki dute, errefuxiatuen krisia dela eta, Armadari "mugak kontrolatzeko, babesteko eta segurtasuna bermatzeko zeregina ematea".
Europar Batasuneko kideei zuzenduta, krisiari aurre egiteko neurriak hartzeko eskatu die Gobernuak, Eslovenia jasotzen ari den errefuxiatu kopurua "neurriz kanpokoa" baita.