Mundua -

Nobel Saria

Bakearen Nobel Saria, Tunisian elkarrizketa sustatu zuen laukoteari

Tunisiako Elkarrizketa Nazionalerako Laukoteak irabazi du saria, 2011ko iraultzaren ostean demokrazia askotarikoa ezartzeko egindako lanagatik.

Bakearen Nobel Saria, Tunisian elkarrizketa sustatu zuen laukoteari

1:31

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tunisiako Elkarrizketa Nazionalerako Laukoteak irabazi du 2015eko Bakearen Nobel Saria, 2011ko iraultzaren ostean askotariko demokrazia ezartzeko egindako lanagatik, Norvegiako Nobel Batzordeak gaur Oslon jakinarazi duenez.

2013an sortutako laukotea gizarte zibileko lau taldek osatzen dute: UGTT sindikatua, UTICA patronala, abokatuen sindikatua eta Giza Eskubideen aldeko Tunisiako Liga.

Tunisiako gizartearen "sektore eta balore desberdinak" ordezkatzen dituzte, eta elkarrekin sustatu zuten trantsizio politikoa, "gerra zibila pizteko zorian zegoenean", Batzordeak saria justifikatzeko emandako azalpenen arabera.

Taldearen lana oso garrantzitsua izan da, horren iritzian, Tunisian sistema konstituzionalak "herritar guztien giza eskubideak berma ditzan, ideologia politikoa, erlijioa edo generoa aintzat hartu gabe".

Tunisian hasi zen Udaberri Arabiarra deiturikoa eta, Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko beste herrialde batzuetan ez bezala, "trantsizio demokratikorako" pausoak eman dituzte bertan. Iazko hauteskundeak izan ziren "giltzarri", baketsuak izan zirelako eta Konstituzio berria ekarri zutelako.

Norvegiako Nobel Batzordeak esan du Laukoteak "herritarren, alderdi politikoen eta agintarien arteko elkarrizketa baketsua" sustatu zituela, eta "testuinguruan oinarritutako irtenbideak eraikitzen" lagundu zuela. Elkarrizketa horri esker indarkeria galarazi zela ere uste dute.

Batzordearentzat Zine el Abidine Ben Aliren erregimenaren ostean Tunisian izan zen trantsizioa "bakarra" da munduan, mugimendu laiko eta erlijiosoen arteko batasunagatik, eta gizarte zibileko taldeen eta erakundeen inplikazioagatik.

Norvegiako eledunek espero dute sariak "Tunisian demokrazia egonkortzen" lagunduko duela, eta "inspirazioa" izango dela munduko beste toki batzuetan bakea sustatu nahi dutenentzat.

Batzordearen esanetan, Tunisiako Elkarrizketa Nazionalerako Laukoteari ematen diote saria, ez hori osatzen duten taldeei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nobel sariak albisteak