Mundua -

Nobel Saria

Kimikako Nobel Saria, DNAren hiru ikertzaileri

Tomas Lindahl suediarra, Paul Modrich estatubatuarra eta Aziz Sancar turkiarra saritu dituzte.

DNA. Argazkia: Wikipedia
DNA.
DNA. Argazkia: Wikipedia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tomas Lindahl suediarrak, Paul Modrich estatubatuarrak eta Aziz Sancar turkiarrak irabazi dute 2015eko Kimikako Nobel Saria, DNAren inguruan egindako ikerketengatik, Suediako Zientzien Akademiak iragarri duenez.

Zientzialari horiek egiaztatu egin dute, molekula mailan, zelulek konpontzen dutela kaltetutako DNA, eta informazio genetikoa gordetzen dutela. "Bizirik dagoen zelula baten funtzionamendua azaldu dute eta minbiziaren kontrako tratamenduetarako erabili ahal izan dira aurkikuntza horiek", Suediako Akademiaren arabera.

Adituek azaldu dutenez, DNAri egunero eragiten diote irradiazioak, erradikal libreek eta minbizia eragiten duten beste substantzia batzuek, baina kanpo eragin horiek gabe ere, DNA molekula bat ez da egonkorra.

Gainera, zelulak zatitzearekin batera DNA kopiatzen denean ere sor daitezke akatsak, eta gizakien gorputzean egunero milioika aldiz gertatzen da prozesu hori.

Material genetikoa ez da kaos kimikoan desegiten molekula sistema ugari dagoelako DNA etengabe kontrolatzen eta konpontzen. 2015eko Kimikako Nobel saridunak aitzindariak dira sistema horien funtzionamendu zehatza azaltzen.

1970eko hamarkadaren hasieran, zientzialariek uste zuten DNA oso molekula egonkorra zela, baina Tomas Lindahlek egiaztatu zuen DNA banatu egiten dela Lurrean bizitza egotea ezinezko egingo lukeen erritmoan. Ikuspegi horri esker frogatu zuen DNAren barruan molekula sistema bat dagoela banaketak etengabe kontrolatzen eta konpontzen.

Bestalde, Aziz Sancarrek nukleotidoen konponketa sistema aurkitu du, UV izpiek DNAri egiten dioten kaltea konpontzeko dagoen mekanismoa. Sistema horretan arazoak dituzten pertsonek azaleko minbizia dute eguzki izpien eraginpean egonez gero.

Paul Modrichek, berriz, zelulak zatitu eta DNA bikoizten denean izaten diren akatsak zuzentzen dituen mekanismoa eman du ezagutzera. Geneen konponketa horri esker, DNAko akatsen kopurua mila aldiz murrizten da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nobel sariak albisteak